Síguenos en redes sociales:

EAEko 20 gazte Ipar Irlandara joan dira Etikasi programarekin, giza eskubideetan eta bizikidetzan trebatzeko

Parte hartzaileek unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzte EAEn

EAEko 20 gazte Ipar Irlandara joan dira Etikasi programarekin, giza eskubideetan eta bizikidetzan trebatzekoJosu Chavarri

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 18 eta 30 urte bitarteko 20 euskal gaztek osatutako ordezkaritza bat Ipar Irlandara joan da ostegun honetan, eta bertan egongo da uztailaren 7ra arte, Etikasi hezkuntza programaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bultzatutako ekimenaren helburua gazteen artean bizikidetza, bakearen kultura eta giza eskubideen errespetua sustatzea da.

Jaurlartzatik azaldu dutenez, parte hartzaileek unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzte EAEn, eta ikaskuntza teorikoa eta memoriari eta gatazkak gainditzeko prozesuei lotutako tokietara egindako bisitak uztartuko dituen prestakuntza esperientzian hartuko dute parte.

Abiatu aurretik, ekainaren 27an, Baketik Fundazioak emandako prestakuntza jardunaldi batean hartu zuen parte taldeak, eta itzultzean, programa osatzeko, Pasaia eta Errenteria bisitatuko dituzte eta EAEren historia hurbilaren inguruko hausnarketa saioak egingo dituzte.

Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak bultzatzen du Etikasi programa, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK) eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzarekin lankidetzan.

Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendari Ainhoa Zugasti aireportura hurbildu da gazteei agur esatera. Bertan azaldu duenez, "programak hezkuntza esperientzia paregabea eskainiko die gazteei, giza eskubideak lehen pertsonan ulertu eta bizi dezaten, enpatia, memoria eta bakearekiko konpromisoa sustatuz".

Zugastiren hitzetan, programaren helburua da parte hartzaileei gatazka politikoek markatutako prozesu historikoen ikuspegi kritikoa erakustea, baita prozesu horiek giza eskubideetan dituzten ondorioen ikuspegia ere, eztabaidetan, topaketetan eta memoria lekuetara egindako bisitetan parte hartuz.

Horrela, adierazi duenez, "balio demokratikoak indartzen eta justiziarekiko, bizikidetzarekiko eta giza eskubideen errespetuarekiko konpromiso kritikoa sustatzen laguntzen da belaunaldi gazteenetan, hezkuntza tresna garrantzitsu bihurtuz".

ETIKASI

Eusko Jaurlaritzak 2019. urtetik dauka martxan Etikasi programa, gazteak giza eskubideen eta bizikidetza demokratikoaren arloan sentsibilizatzeko apustu gisa. Ordutik, 120 gaztek baino gehiagok hartu dute parte programan.

Gainera, Etikasik modalitate espezifiko bat sustatzen du Batxilergoko 1. mailako ikasleentzat. Aurtengo edizioan Sopelako (Bizkaia) Ander Deuna ikastolak parte hartu du, 30 ikasle eta bi irakaslerekin, eta ekainaren 13tik 16ra bitartean Krakovia eta Auschwitzeko kontzentrazio esparrua bisitatu zituzten, Polonian.

Esperientzia horren helburua izan da totalitarismoaren ondorioei eta memoria historikoak giza eskubideen eta bizikidetza demokratikoaren defentsarako tresna gisa duen garrantziari buruzko hausnarketa sustatzea.