Lekeitioko (Bizkaia) kirol portuak Best Marina 2025 saria jaso du Navily plataforma digitalean erreferentziatutako 15.000 portu baino gehiagoren artean, munduko 400 onenen artean sailkatuta. Navily nabigatzaileentzako gida nautiko eta gailu mugikorrerako aplikazioen erabiltzaileek Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakunde publikoko langileek eskaintzen dituzten portuko azpiegiturak eta harrera zerbitzuaren arreta eta kalitatea aitortu dituzte, aplikazioan jasotako portu guztien artean onenetakotzat joz.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren hitzetan, "Lekeitioko portuak lortutako aitortza EKPk instalazio moderno eta seguruak eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko egiten duen lanaren isla da. Gure portuak hobetzen eta igarobideko amarralekuak handitzeko inbertitzen jarraituko dugu, bisitatzen gaituen ontzi bakoitzak tokiko ekonomia suspertzeko eta Euskadi itsas turismoaren helmuga gisa ezagutarazteko aukera ematen duelako".
Lekeitioko portuak igarobideko ontzientzako dituen hamar amarralekuek 586 gaualdi hartu zituzten 2025ean, eta aurtengo datuak ikusita, aurreikusten da bisita kopurua berdindu edo gainditu egingo dela. Urtarriletik atzerriko ontziek Lekeitioko amarralekuetan egin dituzten 55 gaualdietatik, erdia baino gehiago Frantziatik etorritako ontziei dagozkie, laurden bat Espainiakoei, eta gainerakoen artean Suediatik etorritakoak nabarmentzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mende dagoen EKP erakunde publikoak kudeatzen dituen kirol portuetako ia ehun igarobideko amarralekuen multzoan, aurtengo gaualdien datuak aurreko urteetakoen parekoak edo handiagoak dira. Aurreko urteetan 5.000 bisita inguru jaso zituzten atzerriko ontziek portuetan, eta uztaila eta, bereziki, abuztua izan ziren jarduera handieneko hilabeteak; bietan ekaineko sarrerak bikoiztu baino gehiago egin ziren.
Aisialdirako ontzietako tripulazioek portuz portu nabigatzea oporrak gozatzeko gero eta ohikoagoa den modua da, eta hala erakusten dute azken bost urteetako gaualdien datuek, ia etengabeko hazkundea izan baita. Euskal portuak bisitatzen dituzten pertsonen egonaldiak, jatorriari buruzko datuen arabera, gehienetan bi egunekoak izaten dira, eta batez ere atzerriko bisitariak dira.
Bisiten zatirik handiena Gipuzkoako kostaldean egiten da; bertan daude EKPk kudeatzen dituen igarobideko amarralekuen hiru laurdenak. Hondarribiko portua nabarmentzen da, 35 plazarekin, eta ondoren datoz Mutrikukoa, 16rekin, eta Getariakoa, 11rekin.
EKP erakunde publikoak Bizkaiko kostaldean igarobideko amarralekuen kopurua eta horien azpiegiturak handitzeko ekintzak egingo ditu datorren urtean, bisitan datozen ontziei eta haien tripulazioei euskal kostaldeko portu eta herri guztiez gozatzeko aukera errazteko.