Lehiaren Euskal Agintaritzak Lehia Sarien lehenengo ediziorako deialdia egin du, esparru akademikoan lehiaren kultura sustatze aldera. Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak ekimenaren berri izan du astearte honetan, eta lehenengo edizioaren oinarri arautzaileak onartu ditu.
Jaurlaritzaren arabera, sarien helburu nagusia da ikasketa amaierako lana egin behar duten unibertsitate ikasleek lehiaren defentsarekin zerikusia duten gaiei buruzkoa egin dezaten sustatzea, eta, horrela, merkatuen eta ekonomiaren funtzionamendu egokirako eremu estrategiko horri buruzko ezagutza eta ikerketa indartzen laguntzea.
Deialdia baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsona fisikoei zuzenduta dago; baldintza horien artean daude, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erroldatuta egotea gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin edo ikasketak EAEko unibertsitate sistemako unibertsitate batean egin izana.
Prozedurak bi faseko ebaluazio sistema ezarri du: lehenengoa fasean, berrikuspenekoan, lanak deialdiaren xederako egokiak diren egiaztatuko da, eta bigarrenean, baloraziokoan, aurrez ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira lanak.
Lehia Sarien lehen edizioaren zuzkidura ekonomikoa 2.000 eurokoa da, eta onuradunek gehienez 1.000 euro jasoko dituzte. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 1etik 30era arte izango da.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusiak kudeatuko du prozedura, eta azken ebazpena agintaritzaren lehendakariak emango du, balorazio batzordeak proposatuta. Emandako sarien zerrenda Lehiaren Euskal Agintaritzaren webguneko gardentasun atalean argitaratuko da, eta, horrela, publizitatea eta prozesuaren kontu ematea bermatuko dira.
Ekimenaren bitartez, Lehiaren Euskal Agintaritzak beste urrats bat egingo du lehia sustatzeko bidean; izatez, unibertsitateko ikasleek arlo horren gainean interesa izan dezaten sustatuko da eta gizartearen mesederako izango den ezagutza espezializatua sortzen lagunduko da.