Síguenos en redes sociales:

Victor Martin izango da Athleticen emakumezkoen taldeko entrenatzailea

Victor Martinek zuzenduko du Athletic Cluben emakumezkoen lehen taldea 2026-2027ko denboraldian. Entrenatzaile madrildarrak denboraldi baterako sinatu du kontratua, eta azken bi denboraldietan Atletico Madril zuzendu ondoren iritsiko da Bilbora

Victor Martin izango da Athleticen emakumezkoen taldeko entrenatzaileaUtzitakoa

Victor Martinek zuzenduko du Athletic Cluben emakumezkoen lehen taldea 2026-2027ko denboraldian. Entrenatzaile madrildarrak denboraldi baterako sinatu du kontratua, eta azken bi denboraldietan Atletico Madril zuzendu ondoren iritsiko da Bilbora.

Talde zuri-gorriak ostiral honetan sarean argitaratutako prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, 33 urteko Victor Martinek 2027ko ekainaren 30era arte gidatuko du emakumezkoen lehen taldea. Bilboko Ibaigane Jauregian sinatu du akordioa Jon Uriarte presidentearekin eta Xabier Arrieta emakumezkoen kirol zuzendariarekin.

Victor Martin Atletico Madril taldearen buru izan da azken bi denboraldietan, eta F Ligan esperientzia du Madril CFF taldearekin bi etapa ezberdinetan.

Emaitzei dagokienez, 2024-2025eko denboraldian hirugarren postua lortu zuen F Ligan Atleticorekin, Athleticen aurretik, eta Txapeldunen Ligara itzuli zuen taldea. Gainera, Kopako txapeldunorde geratu zen finalean Bartzelonaren aurka galdu ondoren. 2025-2026ko denboraldian, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan Manchester United taldearen aurka galdu zuen, eta urtarrilean kargutik kendu zuten, emaitza txarren bolada baten ostean.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatu zen Francisco de Vitoria Unibertsitatean, eta laster hasi zuen bere ibilbidea aulkietan. Sei denboraldi eman zituen Madril CFFko beheko kategorietan, eta guztietan txapeldun izan zen. 2. Mailara igotzea lortu zuen talde filialarekin eta F Ligako lehen taldearen ardura hartu zuen 2018-2019ko denboraldian, lehiaketako entrenatzailerik gazteena izanik (26 urte).

Madrildarra gizonezkoen futboletik pasa zen orduan. Albacete Balompie taldera joan zen metodologia zuzendari lanak egiteko eta lehen taldeko bigarren entrenatzailea izateko. Ondoren, Uzbekistanen erronka berri bati ekin zion, Metallurg Bekabad taldeko bigarren teknikari eta analista gisa.

Nazioarteko esperientziaren ondoren, emakumezkoen futbolera itzuli zen 2023ko urtarrilean Madril CFF taldera bueltatuz. Talde madrildarraren buruan izandako denboraldi eta erdian, klubaren sailkapen historiko onenak lortu zituen, 2022-2023ko denboraldian bosgarren postua eta 2023-2024koan seigarren postua lortuz. Hortik Atleticora joan zen.

David Martinek Athleticek sarean argitaratutako bideo batean adierazi du talde zuri-gorriak "ilusioa, apustua eta arreta" transmititzen dituela, eta "oso argi" duela "proiektuak eskatzen duen mailan nola aritu". "Klub bakarra da, eta Lezamako eta San Mamesko espazio guztietan nabaritzen da", gaineratu du.