Síguenos en redes sociales:

Euskara eta euskal kultura sustatzeko hitzarmena sinatu dute Deustuko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak

Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da

Euskara eta euskal kultura sustatzeko hitzarmena sinatu dute Deustuko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal InstitutuakUtzitakoa

Deustuko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen marko bat sinatu dute, eremu akademikoan, kulturalean eta sozialean euskara eta euskal kulturaren sustapena eta zabalkundea indartzeko helburuarekin.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak izenpetu dute asteazken honetan bi erakundeen elkarlanerako akordioa Donostian.

Lankidetzaren bidez, bi erakundeek indarrak batuko dituzte prestakuntza eta kultur jarduerak antolatzeko, ikerketa eta sorkuntza proiektuak bultzatzeko, kultur eragileen eta unibertsitate komunitatearen arteko topaguneak sortzeko, eta euskararen zein euskal kultur sorkuntzaren nazioarteko proiekzioa indartzeko ekimenak garatzeko.

Hitzarmenak bost urteko indarraldia izango du, eta bost urteko aldietan luzatu ahal izango da. Epe horretan, ezagutza trukea, jardunbide egokien transferentzia eta beren misio instituzionalekin bat datozen ekimen partekatuak garatzea ahalbidetuko duten lankidetza sareak eta lan dinamikak sustatuko dituzte bi erakundeek.

Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak bideratu du bi erakundeen arteko lankidetza. 1974an sortu zenetik, Euskal Gaien Institutuak euskararen eta euskal kulturaren inguruko ikerketa, hausnarketa eta ezagutza sustatzeko erreferentziazko gune akademikoa izateko bokazioa izan du.

Ikuspegi diziplinarteko eta konparatibotik, eta tokiko nahiz nazioarteko erakundeekin elkarlanean, sare akademikoak ehuntzen eta sendotzen ditu, ikerketa sustatuz eta sortutako ezagutza gizarteratuz.

Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da, eta bere eginkizuna da euskara, euskal kultura eta euskal sorkuntza nazioartean proiektatzea, eta hauen bidez beste eskualde, herrialde eta kulturekin harreman sendo eta iraunkorrak eraikitzea.

Horretarako, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzen ditu, sortzaileen, artisten eta kultura eta sormen industrietako profesionalen mugikortasuna bultzatzen du, eta euskal ikasketak sustatzen ditu eremu akademikoan. Era berean, nazioarteko lankidetza sustatzen du, bai kultura arloan bai unibertsitatearen esparruan.