Bilboko Udalak gobernu bileran onartu du Casilda Iturrizar parkeko kioskoaren barrualdea eta kanpoaldea birgaitzeko proiektua, eta espazioa berreskuratu eta modernizatu ahal izateko obrak egiteko behar den aurrekontu saila, ostalaritza ustiapena berriz ere emakidan atera aurretik. Bada, kontu saila 570.206 eurokoa da.

Onarpen honekin, Bilboko Udalak obren lizitazioa abiatuko du orain, eta urte amaieran hastea aurreikusten da. Lanak egiteko aurreikusitako epea, berriz, bost hilabetekoa izango da, Bilboko Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez.

Aurreko emakida 2025eko urrian bukatu zen, 20 urte baino gehiago indarrean egon ondoren, eta behar batzuk antzeman ziren. Bada, behar horiei erantzuten die proiektuak, bai eta ondoren egindako ikuskapen teknikoei ere, ikuskapenek erakutsi baitzuten kioskoak kalte garrantzitsuak zituela, batez ere tamaina handiko zuhaitz bat eraikinaren estalkiaren zati batean eta beirazko itxituretan bermatzearen ondorioz; gainera, ur iragazketak zeuden, eta barne akaberak hondatuta.

Kioskoaren kanpoko inguratzaile osoan jardungo da, estalkiak, zurajeak eta itxiturak birgaituz, eraikinaren iragazgaiztea hobetuz eta denboraren joanak eta hezetasunak hondatutako elementuak berrituz

Kioskoaren eraikigarritasuna ez da aldatuko; aitzitik, eraikitako azalera 1,40 metro karratu murriztuko da, hazitako zuhaitzaren eraginez egin beharreko aldaketaren ondorioz.

Aurreikusitako jarduketak kioskoaren birgaitze integrala planteatzen du, higiezinaren berezitasun arkitektoniko eta estetikoa une oro errespetatuz eta eraikinaren elementu ezagunenak zainduz, batez ere kobrezko estalkia, 2005ean egindako handitzearen ezaugarri nagusia, establezimendua espazio berezi bihurtu duena parkearen barruan.

Proiektuak konplexutasun tekniko bereziko egiturazko esku hartzea aurreikusten du eraikinaren alboetako batean, zuhaitzaren hurbiltasunak gehien kaltetu duen alboan, hain zuzen ere. Horretarako, egiturazko euskarri berriak ipini eta sendotze eta zimendatze lanak egingo dira, higiezinaren egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko eta, aldi berean, lehendik dauden zuhaitzen kontserbazioa eta ostalaritza jarduera bateragarri egiteko.

Gainera, kioskoaren kanpoko inguratzaile osoan jardungo da, estalkiak, zurajeak eta itxiturak birgaituz, eraikinaren iragazgaiztea hobetuz eta denboraren joanak eta hezetasunak hondatutako elementuak berrituz.

BARNEALDEA

Barnealdean, esku hartzeak espazioen berrikuntza ia integrala ekarriko du. Zoladurak, sabaiak eta estaldurak eguneratuko dira, gela batzuk berrantolatuko dira haien funtzionaltasuna optimizatzeko, eta elektrizitate, iturgintza eta saneamendu instalazioak modernizatuko dira.

Proiektuak, gainera, hobekuntzak dakartza irisgarritasunaren eta energia eraginkortasunean. Horien artean, nabarmentzekoa da komun publikoetako bat irisgarritasun unibertsalari buruz indarrean dagoen araudira egokitzea eta aerotermiaren bidezko klimatizazio sistema bat instalatzea, barruko erosotasuna hobetu ahal izateko, jasangarritasuneko eta energia aurrezpeneko irizpideekin.

Orobat, obrek barne hartuko dituzte kioskoaren ondoko hiri ingurunea hobetzeko jarduketak, kanpoko espazio batzuk berrantolatuz eta Casilda Iturrizar parkeko paisaian integratutako egonaldi eremu berriak sortuz, eta, horrela, toki horren izaera soziala eta topagune izaera indartuz.

Obrak izapidetzearekin batera, Bilboko Udalak ostalaritza establezimenduaren emakida berrian ere lan egingo du, lanen amaiera kioskoa esleitzearekin eta berriro irekitzearekin bat etor dadin.