Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak tabakoaren kontsumoaren inguruko prebentzio- eta sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu dute Bilbon. Aurten kolektibo jakin bat izango da kanpainaren ardatz: 40-70 urteko emakumeak. Talde hori lehentasunezkoa da osasun publikoaren ikuspegitik, adin bereko gizonak baino maiztasun txikiagoarekin joaten baitira erretzeari uzteko tratamendua hastera.
Aurkezpenean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Guillermo Herrerok eta Osakidetzako osasun komunitarioko erizain Sonia Gonzálezek politika publikoak kontsumoan agertzen diren genero-desberdintasunetara egokitzeko beharra azpimarratu dute, eta gogorarazi dutenez, “tabakoaren kontsumoa kaltegarria da modalitate guztietan, eta ez dago kontsumo-modalitate segururik, ezta tabakoarekiko, kearekiko eta aerosolekiko esposizio-maila segururik ere. Dituzten substantziak zein igortzen dituztenak toxikoak dira eta osasun-arazo larriak sorraraz ditzakete”.
“Jo ta ke! Erretzeari utzi nahi badiozu, lagunduko dizugu” kanpainak mezu sinple baina indar handiko bat du oinarri: erretzeari utz dakioke, eta Osakidetzak, osasun-sistema publikoak, prozesu horretan lagunduko dizu, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako baliabide eskuragarriak eskainiz. Mezu horren bidez, erretzeari utz diezaioketela helarazi nahi zaie emakume horiei, eta daukaten indar hori ateratzera animatu nahi dira, tabakoa uzteko eta tabakoaren mende ez egotearen liberazioa sentitzeko.
Tabakismoa Euskadin
Euskadik aurrerapen handiak lortu ditu tabakismoaren aurkako borrokan azken hamarkadetan. Euskadiko adikzioei buruzko azken inkestaren arabera, 15-74 urteko biztanleen % 19,7k egunero erretzen zuten, eta datu hori orain arte erregistratu den txikiena da. Hala ere, bilakaera positibo horren atzean errealitate konplexuago bat dago, kontsumoaren jaitsiera ez baita homogeneoa sexuaren eta adinaren arabera. Gizonen kasuan, beherakada orokorra da adin-talde guztietan; adin ertaineko emakumeen kasuan, berriz, ez da horrelako bilakaerarik ikusten. 55-74 urteko emakumeen taldeak kezka sortzen du, eguneroko kontsumoa % 3,8tik % 15era igo baita 2004tik 2023ra bitartean. Izan ere, historikoki, adin horretako emakumeek ez zuten erretzen, eta orain gero eta emakume erretzaile gehiago sartzen ari dira adin-talde horretan. Eta, gainera, maiztasun gutxiagorekin joaten dira uzteko tratamendua hastera.
Tabakismoa, mendekotasun fisikoari ez ezik, faktore emozionalei, sozialei eta kulturalei ere lotuta dago. Emakumeen kasuan, elementu horiek pisu espezifikoa dute: kontsumoak lotura handiagoa du estresarekin, zainketen zamarekin eta kudeaketa emozionalearekin, eta testuinguru pribatuagoetan eta bakartiagoagoetan gertatzen da, gizonengan ohikoagoa den kontsumo sozialetik urrun. Horrek guztiak informatzeaz gain emakumeen bizi-esperientzian lagunduko duten eta esperientzia horrekin lotuko diren kanpainen beharra indartzen du.
Tabakismoak emakumeengan dituen ondorioak intentsitate handiagoarekin agertzen ari dira orain, gizonek baino beranduago hartu baitzuten erretzeko ohitura. Izan ere, emakumeen kasuan, tabakoari egotz dakiokeen heriotza-tasa % 98 igo da 2001etik 2020ra bitartean, eta gizonen kasuan, berriz, % 29 jaitsi da. Aldaketa horrek trantsizio epidemiologiko argia islatzen du: hainbat hamarkadatan gizonen arazoa izan zena emakumeen osasunari lotutako funtsezko erronka bihurtzen ari da.
14-18 urteko nerabeen kasuan, tabakoaren kontsumoa % 20tik % 18ra jaitsi zen 2023tik 2025era bitartean, eta antzekoa izan zen mutilengan eta neskengan. Hala ere, zigarro elektronikoen erabilerak izan duen gorakadak itsustu egin du jaitsiera hori. Izan ere, erabilera hori % 13tik % 20ra igo zen 2023tik 2025era bitartean. Gainera, pentsa daiteke gora egiten jarraituko duela, eta baliteke produktu berriek gazteenak erakartzea.