'Mortal Kombat II' film estatubatuarra estreinatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hainbat zinema aretotan ostiralean, maiatzaren 8an, eta euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da 'Adi! Filmak Euskaraz' programaren eskutik. Aurten euskaratuta ikusiko den bederatzigarren lana da, Zineuskadi elkartetik jakinarazi dutenez.

Hain zuzen ere, orain arte 'Zinema Euskaraz' izenez ezagutzen zen programak 'Adi! Filmak Euskaraz' marka aurkeztu berri du, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa.

Zineuskadik sustatutako eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikakio Sailak babestutako 'Adi! Filmak Euskaraz' programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.

Bada, 'Mortal Kombat II' filma Gorbeia Zinemak (Gasteiz), SADE Príncipe (Donostia), Golem La Morea (Iruña), Niessen Zinemak (Errenteria) eta Zugaza Zinemak (Durango) aertoetan estreinatuko da, eta datozen hilabeteetan beste film batzuk ere izango dira 'Adi! Filmak Euskaraz' programaren baitan, hala nola: 'Winnipeg, itxaropenaren ontzia' eta 'Los Pérez-Osos'.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, beste gai batzuekin jarraituz, eragile euskaltzale nagusiek bat egiten dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek larunbatean 'Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde' lelopean Bilbon deitutako manifestazioarekin. Horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak, Bilgune Feminista, Aldatu Gidoia, Nabarralde edo Pantailak Euskaraz bezalako taldeek atxikimendua eman diote 17:30ean Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestazioari.

ELA sindikatuko iturriek gogorarazi dutenez, hiru sindikatuok euskaldunon oinarrizko hizkuntz eskubideen aurkako oldarraldi antolatua martxan dela salatu zuten, eta, ondorioz, "eragile sindikal, politiko eta mediatiko batzuek euskararen biziberritzeari trabak ezartzeko presio antolatuari ezinbestean erantzun antolatua" eman behar zaiola nabarmendu zuten.

Bada, manifestaziorako deialdia orain bi aste publiko egin zenetik, eragile sozial euskaltzaleen eta norbanako euskaltzaleen atxikimenduak jaso dituzte sindikatuek, eta ziurtatu dute eragile eta euskaltzaleek bat egin dutela euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde eta norabide horretan neurriak hartu daitezela babestuko dutela larunbatean.