Elhuyar Zientzia Azokaren 2026ko edizioa egingo da Bilboko Areatzan egingo da asteazkenetik larunbatera, maiatzaren 6tik 9ra. Guztira, 60 ikastetxetako 660 gaztek hartuko dute parte azokan, eta ikasturtean zehar landu dituzten 183 STEAM proiektutik gora egongo dira ikusgai.
Elhuyarrek jakinarazi duenez, azokaren irekiera 11:00etan izango da asteazkenean, eta Amaia Zarrabeitia Salterain Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak ongietorria egingo du. Azokaren babesle diren Eusko Jaurlaritzako, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Erabi elkarteko ordezkariek ere parte hartuko dute.
Ondoren, 11:15etik 13:45era, DBHko erta Batxilergoko ikasleen STEAM proiektuak erakutsiko dira etxoletan, eta 13:45etik 14:00etara, Elhuyar Zientzia Azokaren kolaboratzaile sareko ikerketa zentroetako egonaldien zozketa egingo da. Egitarau bera errepikatuko da egunero, eta larunbatean, 13:00etatik 14:00etara, sari banaketa egingo da.
Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak, Europako Espazio Agentziak eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak 'Eguzki eklipse osoa. Behaketa, esplorazioa eta zientzia' izenburuko jardunaldia antolatu dute maiatzaren 11rako Bilboko Bizkaia Aretoan, abuztuaren 12an gertatuko den eguzki eklipse osoaren atzean dagoen zientzia esploratzeko asmoz. Ekimenaren helburua astrofisika herritarrei hurbiltzea izango da, modu atsegin eta zehatzean.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, topaketak jarduera programa zabala eskainiko du: lau tailer -hiru, goizez, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat eta beste bat, arratsaldez, publiko orokorrarentzako- eta astrofisikako profesionalek emandako hiru hitzaldi labur eta ondorengo solasaldia. Gainera, eklipsea modu seguruan behatzea bermatzen duten homologatutako betaurrekoak banatuko dira parte hartzaileen artean.