Gure Zirkuak Olaberrian (Gipuzkoa) abiatuko du bederatzigarren bira asteburu honetan, eta, "gero eta nahasiagoa eta ilunagoa dirudien garaiari", argia, kolorea eta alaitasuna ekarri asmo dio aurten, xaribaria aldarrikatuz.
Gure Zirkutik jakinarazi dutenez, xaribaria, zintzar hotsa edo galarrotsa, Erdi Aroan Europa mendebaldean norbaiti burla edo zentsura egiteko herriko jendeak eginiko zarata hotsa da, besteak beste, Euskal Herrian, bigarren ezkontzetan.
Denborarekin, xaribaria herri antzerki mota bat bilakatu zen, dantza, musika, kantua, bertsoak eta antzerkia uztartuz, epaiketa baten itxuran, gizarte kritika zorrotza egiteko baliatzen zena. Gerora, zirku garaikideak bere egin du xaribaria, eta pistara elkarrekin agertzen direnean, zirkuko kide guztiek eragiten duten algara, zalaparta eta poztasunari deitzen zaio xaribaria.
Hain zuzen, azken xaribari hori da Gure Zirkuak bederatzigarren biran aldarrikatu nahi duena, "are gehiago munduak gero eta nahasiago eta ilunago dirudien honetan". "Xaribaria, elkarrekin, lagunartean edo familian sortutako une koloretsu, alai eta baikor gisa", adierazi dute.
Helburu horrekin, beraz, Gure Zirkuak Olaberrian ekingo dio bira berriari asteburu honetan, eta emanaldiak eskainiko ditu apirilaren 25ean, 26an eta 30ean, eta maiatzaren 1ean, 2an, 3an, 8an eta 9an. Ondoren, Oñati (Gipuzkoa) izango da hurrengo geralekua maiatzaren 15ean, 16an, 17an, 22an, 23an, 24an, 30ean eta 31ean. Bi herriotako emanaldietarako sarrerak salgai daude jada www.gurezirkua.eus webgunean.