Bilboko Udalak Bilbao Izan proiektuaren edizio berria jarriko du martxan maiatzan, hiriko auzoetako ondarea eta historia herritarren artean zabaltzeko asmoz, eta urtea amaitu arte doako hainbat jarduera izango dira, herritar guztientzat irekiak eta eskuragarriak.
Bilbao Izan ekimena batez ere bilbotarrentzat da, baina hiria bisitatzen duten guztiei eta, arrazoi desberdinengatik, Bilbo gehiago ezagutu nahi dutenei ere irekita dago, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez.
Horrela, maiatzan, ekainean eta uztailean bisita gidatuak egingo dira 'Ezagutu oinez' izenburupean, Arabella, Santutxu eta Abando auzoetan barrena, horien historia ezagutzera emateko. Aire zabaleko ibilbideak dira, oinez egiten direnak eta doakoak, ordu eta erdi ingurukoak. Ibilbidea atsegina eta erraza izaten da, eta parte hartzaileek gida baten laguntza izango dute, eduki historikoak modu erraz eta argigarrian azaltzeko.
Euskarazko nahiz gaztelaniazko taldeak antolatuko dira, eta auzo bakoitzeko bisita talde batek zeinu hizkuntzako interpretea ere izango du. Audio-gida bat emango zaio parte hartzaile bakoitzari, eta, beraz, izena emandako pertsonei hasi baino hamar minutu lehenago elkartzeko gunera joateko eskatuko zaie.
Ekimenean parte hartu ahal izateko aldez aurretik plaza erreserbatu beharko da www.bilbaoizan.eus web gunean. Berrikuntza gisa, bisita gidatuak zeinu hizkuntzako interpretearekin egin behar dituztenek izena emateko lehen egunetik gaitutako web atal espezifiko bat erabili ahal izango dute erreserba egiteko.
Hilero, izena emateko bi hasiera egongo dira. Arabellako bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek doan eman ahal izango dute maiatzaren 4tik eta 18tik aurrera, Santutxukoek ekainaren 1etik eta 15etik aurrera, eta Abandokoek ekainaren 29tik eta uztailaren 13tik aurrera.
'TXIO TA TXIO'
Bestalde, 'Txio Ta Txio' bideoen edizio berria jarriko da abian irailean, eta aurten 'Bilboko trenak' izango da gaia. Bideoetan, pasadizo txikiak, datu ezezagunak, pertsonaia aipagarriak eta gaiari buruzko istorio bitxiak kontatu beharko dira, formato erraz eta atseginean eta erraz ikusi eta partekatzeko moduan.
Aurreko urteetako bideoen bildumak ikusi nahi dituzten guztiek Bilbao Kulturaren YouTube kanalaren bidez eskuratu ahal izango dituzte. 2018tik 302 bideo zabaldu dira.
Era berean, udazkenean Argazkineta abiatuko da, zortzigarren aldiz, eta oraingoan Zurbaranbarrira eta Arabellara gerturatuko da. Bi auzootan, inguru horietan ekoiztutako oroitzapen eta material dokumentalaren bilketa selektiboa egingo da. Ondoren, parte hartzaileei eta herritarrei irekitako ekitaldi batean, proiektuan bildutako dokumentu, argazki zahar eta testigantzen bideo gehienak erakutsiko dira.