Síguenos en redes sociales:

Donostiako Udalak Oporretan Euskaraz udalekuan izena emateko epea ireki du apirilaren 22ra arte

Ekainaren 2a izango da matrikulak ordaintzeko eguna

Donostiako Udalak Oporretan Euskaraz udalekuan izena emateko epea ireki du apirilaren 22ra arteUtzitakoa

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Oporretan Euskaraz udaleku irekia antolatuko du uztailaren 6tik 30era, udaldian ere euskaraz ongi pasatzeko aukerak izan ditzaten hiriko umeek, eta izen-ematea asteazken honetatik apirilaren 22ra arte egon daiteke www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan edota aurrez aurre inprimakia beteta eta sinatuta aurkeztuta Udalinfon edo Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan.

Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, Oporretan Euskaraz udalekuan era guztietako ekintzak egingo dituzte umeek, hala nola hondartzako jarduerak, parke eta lorategietako jolasak, euria ari duenean tailerrak, antzerkiak, lehiaketak eta abar. Ingurumena ere landuko dute eta Donostian bideratzen diren beste ekimen batzuetan ere parte hartuko dute.

Apirilaren 30etik maiatzaren 4ra, izena ematean emandako datuak eta erroldari dagozkionak berrikusteko aukera egongo da izena emateko erabili den gune berean; izen-ematean emandako nortasun agiriarekin sartuta ikusi ahal izango dira datuak. Maiatzaren 12an, berriz, ikusgai egongo dira zozketaren emaitzak gune berean, plazak zozketa bidez esleituko baitira.

Ekainaren 2a izango da matrikulak ordaintzeko eguna, eta uztailaren 6tik 30era izango da udalekua, 09:00etatik 13:30era, astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik. Zaintza zerbitzua 08:30etik 09:00etara izango da, izen-emate orrian hala eskatzen dutenentzat. Plazak zozketa publiko bidez emango dira, eta zozketaren eguna, lekua, eta emaitzak ikusgai egongo dira www.donostiaeuskaraz.eus webgunean. Kontsultak 010 telefonoan egin daitezke.

2015etik 2021era jaio eta Donostian erroldatuta dauden haurrek parte har dezakete udalekuan; salbuespenez, 12 urteko haurrek parte hartu ahal izango dute, ikasturtea errepikatu baldin badute. Adinaren eta jasotzeko lekuaren arabera eratzen dira taldeak, eta Aiete, Altza, Amara, Antigua, Bidebieta, Loiola-Erribera, Gros-Ategorrieta eta Parte Zaharra auzoetako ikastetxeetan egongo dira umeak biltzeko lekuak.

Kuota bat baino gehiago izango dira, egoeraren arabera, eta egoera horiek egiaztatzeko, familia dokumentuaren kopia edo dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko dira. Bada, hilabete osoko kuota arrunta 164,06 eurokoa da; familia ugariek edota guraso bakarrekoek %75a ordainduko dute, hau da, 123,04 euro; familia ugari edo guraso bakar berezia izanez gero, kuotaren %50a ordaindu behar da (82,03 euro); gizarte laguntza jasotzen duten familiek, berriz, kuotaren %10a dute (16,40 euro).