Euskadiko Orkestrak 2025-2026ko denboraldi sinfonikoaren hurrengo programa eskainiko du datozen egunetan Rakhmaninov / Bartok izenburupean, eta Nikolai Lugansky pianista errusiarra izango du gonbidatu nagusi, Sergei Rakhmaninoven Pianorako 3. Kontzertua interpretatzeko.

Orkestrak jakinarazi duenez, kontzertuak ohiko lau hiriburuetan izango dira: ostegun honetan eta ostiralean, apirilaren 9an eta 10ean, Donostiako Kursaal Auditoriumean; apirilaren 13an, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; apirilaren 14an, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta apirilaren 15ean, Euskalduna Bilbao Jauregian.

Nikolai Luganskyk eta Sergei Rakhmaninovek nazioartean txalotutako binomioa osatzen dute. Pianista errusiarrak bere herrikidearen obra bati egiten dion interpretazio bakoitza mugarri bihurtzen da, eta Euskadiko Orkestrarekin lehenago ere egin du.

Izan ere, laugarren bisita izango den honetan, Luganskyk Rakhmaninoven partiturarik zailena izango du aurrez aurre: Pianorako 3. Kontzertua. Pianista gisa duen birtuosismoa erakusteko helburuarekin konposatu zuen Rakhmaninovek 1909ko udan, Ivanovkan zuen familiaren etxaldean, AEBetan lehen bira egiteko prestatzen ari zen bitartean.

Urte hartako irailaren 23an amaitu zuen, eta, itsasontzira eraman zuen teklatu mutu batekin bidaian ikasi ondoren, berak estreinatu zuen bakarlari gisa 1909ko azaroaren 28an New Yorken. Handik aste gutxira, Gustav Mahlerren gidaritzapean, New Yorken jo zuen berriro, musikaren bi erraldoiren arteko elkarlan historiko batean. Lanak laster lortu zuen pianorako errepertorioko kontzertu zailenetako bat izatearen ospea, hala idazketa tekniko nekagarriagatik, nola musika eta adierazpen dentsitateagatik.

Pianismoaren mugarri horren aurretik, Rakhmaninoven aurreko belaunaldiko maisu Anatoli Liadoven Laku sorgindua poema sinfonikoaren inpresionismo liluragarria izango da entzungai.

Kontzertuaren bigarren zatian, aldiz, beste obra kontzertatzaile baten interpretazioa aurkeztuko du Euskadiko Orkestrak: Bela Bartoken Orkestrarako Kontzertua. 1943an AEBetan konposatua, Bartok ekonomia eta osasun arazoak pasatzen ari zela, hungariar herrikide batzuek isilpean egin zioten enkargua, murgilduta zegoen depresiotik ateratze aldera. Emaitza, Serge Koussevitzkiren ustez, azken mende laurdenean idatzi den lanik onena izan zen.

Houstongo Sinfonikoaren eta Tokioko Yomiuri Symphony Orchestra-ren zuzendari titularra den Juraj Valcuhak eslovakiarrak zuzenduko du Euskadiko Orkestraren kontzertu programa berria, Euskadira egingo duen hirugarren bisitan.

Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.