Musika eta aisialdia uztartzen dituen Señeak Bizkaia Rock Kanpusa egonaldiaren beste edizio bat egiten ari da aste honetan Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta Ikastolak, eta 14 eta 17 urte bitarteko 22 nerabe ari dira parte hartzen, musika praktika eta talde-lanean oinarritutako esperientzian. Kontzertu handi batekin amaituko da egonaldia ostiralean, apirilaren 10ean, Zornotza Aretoan, Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzari esker.
Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, aurtengo parte hartzaileak lurraldeko hainbat herritako musikari gazteak dira, hala nola Elorrio, Lekeitio, Gernika, Zornotza, Bilbo, Berriz, Lemoa, Usansolo, Sopela, Otxandio, Mungia eta Getxokoak, eta rol anitz dituzte, besteak beste, gitarristak, abeslariak, teklistak, bateria jotzaileak eta baxu jotzaileak.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Señeak elkarteak eta Lauaxeta Ikastolak antolatu dute ekimena elkarlanean, eta iaz baino eskaera handiagoa jaso bada ere, antolatzaileek 22 parte hartzaileren muga mantentzea erabaki dute, "egonaldiaren kalitatea bermatzeko", Señeak elkarteko arduradunek azaldu dutenez.
Señeak elkarteko Alex Sardui pozik agertu da lortutako erantzunarekin: "Bizkaian musika zaletasuna eta talentua bizirik daude; gero eta eskari handiagoa eta maila altuagoa dugu. Kanpus honek musikak eskaintzen dituen onurak eta aukerak gazteei gertutik erakustea du helburu".
Era berean, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalagak nabarmendu du iazko esperientziaren balorazio "oso positiboa" izan zela. "Gazte, irakasle eta gurasoen aldetik jasotako harrera bikainak erakutsi zuen ekimenaren arrakasta. Aurten, esentzia hori mantentzea izan da gure xedea, baina berrikuntzak gehituta esperientzia are aberatsagoa egiteko", esan du.
Egonaldia ostiralean bukatuko da kontzertu berezi batekin Zornotza Aretoan. Bertan, musikari gazteek aste osoan zehar ikasitako guztia erakutsiko dute irakasleekin batera, bai eta euren sormena eta talde lana ere kontzertu handi batean.