Euskadiko Filmategiak ondarea eta emakumeek egindako zinema landuko ditu datozen hiru hilabeteetan Gasteizen, Donostian eta Bilbon egingo den Euskal Zinema zikloan. Azken bosturtekoan euskal emakume zinemagileen lanei argia eman ondoren, Euskadiko Filmategiak zabaldu egingo du fokua aurten eta 16 film proiektatuko ditu hamar saiotan, "gure zinematografiaren historia nolabait markatu duten izenburuak" errepasatuz.

Zikloa apirilaren 15ean hasiko da Gasteizen, eta astearte honetan aurkeztu dute Donostiako Tabakaleran. Ekitaldian izan dira Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, Joselu Blanco EITBko Programazio zuzendaria eta Helena Taberna zinemagilea.

Bada, apiril honetan, maiatzean eta ekainean, emakumeek zuzenduriko filmak ikusteko aukera izango da Artium Museoan, Bizkaia Aretoan eta Tabakaleran. Ikusgai izango diren lanen artean daude 'Yoyes' (Helena Taberna, 2000), euskal zinemagintzako erreferentzia diren emakume zuzendarietako baten lehenbiziko lana, eta 'Hirugarren koadernoa' (Lur Olaizola, 2022), Yoyes ETAko militantearen memoria berreskuratzeko lana, Ana Torrenten ahotsean kontatua.

Halaber, ikusgai izango dira 'Urak aske' (Bego Zubia Gallastegi, 2021), Artikutzako presa suntsitzeak ekarritako leheneratzearen berri ematen duen filma, eta 'La capitana Alegría / Pour don Carlos' (Musidora / Jaime de Lasuen, 1921), seguru asko Euskadin eta euskal produkzioarekin filmatutako lehenbiziko fikziozko lana, Musidora garai hartako emakumezko antzezle frantsesen mitoak Jaime de Lasuen aristokrata karlistarekin batera zuzendua.

Orobat, (H)emen ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako Euskal Herriko emakume profesionalen elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko, 'Irrintzi' (Mirentxu Loyarte, 1978) euskal zinemagintzako lan aitzindaria proiektatuko da, baita elkartearen sortzaileetako batek film horri buruz eginiko berrikuspena ere: 'Irrintziaren oihartzunak' (Iratxe Fresneda, 2016).