Bilboko Udalak antolatzen duen Expodistrito aldi baterako erakusketa deszentralizatuen zikloa itzuliko da udaberri honetan, itzuliko da, eta argazki, pintura, jantzien diseinu, ilustrazio grafiko eta publizitario eta interiorismo proposamenen erakusketa ibiltariak eramango ditu hiriko auzoetara.

Hain zuzen, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Svitlana Khlystun (pintura), Kepa Ortiz (argazkigintza) eta Nerea Torrijos (jantzien diseinua) artisten eta Argi Arte Plastikoen eta Diseinuaren Irakaskuntza Zentroaren eta Arroka Herri Tailerra Kultur Elkartearen erakusketak, eta Euskal Herriko Argazkilaritza Elkarteen Federazioak antolatutako Argizaoiola argazki lehiaketaren atzerabegirakoa izango dira ikusgai Bilboko auzoetako udaltegietan, apirilaren 7tik ekainaren 30era arte.

Hain zuzen, San Inazio-Ibarrekolanda, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Santutxu, San Frantzisko, La Bolsa, Abando eta Errekaldeko udaltegietan bisitatu ahalko dira Expodistrito ekimenaren proposamen artistikoak.

Erakusketa guztiak doakoak izango dira eta goizez eta arratsaldez bisitatu ahalko dira, Nerea Torrijosen jantzi lanaren erakusketak izan ezik, ordutegi mugatua izango baitu, 16:30etik 20:30era. Egitarau osoa www.kulturabarrutik.eus webgunean kontsulta daiteke.

GASTEIZ

Bestalde, Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroaren webgunea eguneratu du (https://ataria.vitoria-gasteiz.org/portal/eu/), diseinu bisualagoaren alde eginez, irudiek eta bideoek presentzia handiagoa baitute.

"Webgune berri honen bidez, Gasteizko Eraztun Berdeko paraje enblematikoenetako baten edertasuna erakutsi nahi dugu: Salburuko hezegunearena. Gainera, egunotan, udaberriarekin batera, edertasun maila handiena lortzen du. Webgunea askoz intuitiboagoa da Atarian garatzen ditugun jarduerak eta programak ezagutu nahi dituzten internautei nabigazio arina errazteko", azaldu du Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzi Borja Rodriguezek.

Weba lau atal nagusitan egituratu da, eta orain "argiagoak, erakargarriagoak eta kontsultatzeko errazagoak" dira. Lehenengoak Atariaren eraikina eta bere espazioak aurkezten ditu, natura behatzeko, erakusketak bisitatzeko edo era askotako herritarrentzat pentsatutako egonaldiak egiteko leku gisa eskaintzen duen guztia erakutsiz.

Bigarren eta hirugarren atalak zentroa bisitatzen dutenei informazio praktikoa eskaintzera bideratuta daude. Horietan, Atarian eta hezegunearen inguruan egiten diren jarduerei buruzko informazioa jasotzen da, baita iristeko moduari, jateko lekuei eta bisita planifikatzeko interesgarriak diren beste alderdi batzuei buruzko argibideak ere. Laugarren atalak, azkenik, Salburuko parkearen, hezeguneen eta bertako faunaren eta floraren garrantzi ekologikoa jorratzen du.