Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak 'Bi ilunabarren eguna' izeneko erakusketa inauguratu du asteazken honetan Zarauzko (Gipuzkoa) Ama Lur plazan. Dibulgazio ekimen ibiltariak abuztuaren 12an ikusgai izango den eguzki eklipse osoa du ardatz, eta Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 13 udalerritan izango da datozen bost hilabeteetan.

Jesus Arana Gomez Zarauzko jarduneko alkatea, Ana Belen Juaristi ZarautzOn elkarteko presidentea eta Virginia Garcia Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia taldeko kidea ere izan dira inaugurazioan. Bi erakundeak Jakindari aliantzako kideak dira eta dibulgazio programan parte hartzen dute.

Bada, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, erakusketa ilustrazio zientifikoek osatzen dute, eta eguzki eklipsea modu didaktikoan, eskuragarrian eta erakargarrian publiko guztiei hurbiltzeko diseinatuta dago, herritarrak fenomenoa ulertzera eta gozatzera gonbidatuz.

Erakusketa dibulgazio zientifikoko jarduera programa ibiltari baten parte da, eta zientzia Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hainbat lekutara eramango du. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimenak Jakindari aliantzako 20 erakunde baino gehiagoren lankidetza du; horien artean daude Donostia International Physics Center (DIPC) eta Aranzadi, erakusketaren sorkuntzan parte hartu dutenak.

Guztira, erakusketa 13 udalerritako plaza, parke edo kultur guneetan izango da ikusgai. Zarautzen egon ondoren, erakusketa osatzen duten lau totemak, Beasain, Zalla, Donostia, Bergara, Durangaldea, Bilbo, Barakaldo, Gasteiz, Añana, Gaubea, Bastida, Lapuebla de Labarca eta Guardian izango dira ikusgai, fenomeno astronomikoa publiko zabalari hurbiltzeko.

JARDUERA OSAGARRIAK

Programa jarduera osagarri ugarirekin osatuko da, Jakindariko erakundeen inplikazioari esker, eta, besteak beste, dibulgazio hitzaldiak, haur, gazte eta helduentzako tailerrak, bisita gidatuak, behaketa astronomikoak eta ipuin kontalari saioak antolatuko dira.

Jarduera horiei buruzko informazio guztia eklipsea.euskadi.eus webgune ofizialean dago eskuragarri. Bertan, gainera, dibulgazio edukiak, eklipsea behatzeko aholku praktikoak, intereseko estekak eta baliabide multimediak aurki daitezke. Ekimen hauen guztien helburua da jakin-min zientifikoa txikitatik sustatzea eta eklipseen fenomenoa, eta bereziki abuztuaren 12ko eguzki eklipse osoa hobeto ulertzeko tresnak eskaintzea.

Programaren une nabarmenetako bat Jakinaldia 2026 jaialdia izango da, ekainaren 20an, arratsaldez, Gasteizko Matxete plazan. Herritar guztiei irekitako ekitaldiak egitarau oparoa izango du: haurrentzako ikuskizunak, tailer zientifikoak, bakarrizketak, arte eszenikoak eta gaueko behaketa. Jakinaldia "aukera bikaina izango da elkarrekin ikasi, partekatu eta azken urteetako fenomeno astronomikorik esanguratsuenetako baten aitzakian gozatzeko", Jaurlaritzaren arabera.