Bilboko BBK Sala ehungintza lantegi berezi bihurtuko da 'Karle eta arropa fabrika' ikuskizunarekin astelehen honetatik ostegunera, martxoaren 30etik apirilaren 2ra, eta etxean dituzten jantziei bigarren bizi bat zelan eman ikasiko dute familiek, modu sortzaile eta parte hartzailean.

BBK-k Fashion Revolution Euskadi kanpainarekin lankidetzan sustatuko ekimena 12 urtetik beherako umeak dituzten familientzat da, eta antzerkia eta tailerrak uztartuko ditu etxeetako arropa kontsumoari eta ehungintzaren ingurumen inpaktuari buruz hausnartzeko.

Izan ere, BBK-ko iturriek jakinarazi dutenez, segundo bakoitzean, kamioikada arroparen baliokidea botatzen da zaborretara munduan, eta arropa horietako asko hamar aldiz baino gutxiagoan erabili dira zabortegian ahaztuta amaitu aurretik. Errealitate horren aurrean, 'Karle eta arropa fabrika' ekimenak "gure armairuari begiratzeko modua aldatzea proposatzen du".

Publikoak Karle eta Joxi ezagutuko ditu oholtza gainean, eta kamiseta batek beraiek bizitza osoan baino kilometro gehiago egin dituela deskubrituko dute egun batean bi haurrek. Bestelako fabrika bat sortzeko abiapuntua da, eta bertan arropa ez da botatzen, eraldatzen baizik.

Ikuskizunera doazen familiak erabiltzen ez duten jantzi bat eraman eta esperientziaren parte bihurtzera gonbidatuta daude. Jarduerak irauten duen bitartean, ikusle izateari utziko diote, eta Karleren lantegiko laguntzaile bihurtuko dira. Hainbat tailerretan parte hartuko dute, eta beren jantziak konpontzen, zaintzen eta eraldatzen ikasiko dute. Bitartean, Karlek familiekin elkarreragingo du, eta fabrika bereziaren prozesu guztiak gidatuko ditu.

Horrela, BBKren arabera, "antzerkia esperientzia ludiko eta hezitzaile baten haria izango da", zeinak arroparekiko harremana birpentsatzera eta konponketa eguneroko keinu sinple eta baliotsu gisa ulertzera gonbidatzen baitu. Izan ere, "moda fabrikarik arduratsuena ez dago planetaren beste muturrean, baizik eta geure etxean hasten da".

'Karle eta arropa fabrika' ikuskizunaz astelehen honetatik ostegunera gozatu ahal izango da BBK Salan eta sarrerak eskuragarri daude aretoaren webgunean.