Síguenos en redes sociales:

Azkue Fundazioak sareetan euskarazko edukia sortzeko Bziber lehiaketaren 9. edizioa abiatu du

Bziber lehiaketaren aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat gidarien profila da

Azkue Fundazioak sareetan euskarazko edukia sortzeko Bziber lehiaketaren 9. edizioa abiatu duUtzitakoa

Azkue Fundazioak Bziber lehiaketaren bederatzigarren edizioa jarri du martxan astelehen honetan, "sareak euskaraz bustitzeko helburuarekin". TikTok sareko lehiaketa da Bziber, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren babesarekin antolatua, eta 14 urtetik gorakoek eta sare sozialetan edukia sortzen ari diren edo sortzen hasi nahi duten pertsona guztiek parte har dezakete.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, apirilaren 17ra arte, astero, eduki sortzaile batek gidatuko du lehiaketa, bideo proposamen bat eginez, eta parte hartzaileen egitekoa bideo proposamen horiek beren estilora sortu eta sareetan partekatzea izango da, nahi beste bideo egiteko aukerarekin. Eduki sortzaile bakoitzak bere kategoriako irabazlea aukeratuko du, eta Fnac dendan gastatzeko 100 euroko opari txartelarekin sarituko da.

Bziber lehiaketaren aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat gidarien profila da, eduki sorkuntzan erreferente diren lau sortzailek gidatuko baitute lehiaketa, Janire Atxurrak (@janiatxu), Andoni Etxezarretak (@_ibilimunduan), Luma Otañok(@luma.ov ) eta Julen Unanuek (@unaanuue), hain zuzen ere. Beren esku egongo da proposamenak egin eta irabazleak hautatzea, eta eduki sorkuntzarako hainbat aholku ere emango dituzte parte hartzaileei bidean laguntzeko helburuarekin.

Edizio honetako beste nobedade garrantzitsu bat BZ Sarea kategoria berria da. Kategoria honetan lehiatzeko gutxienez 17 urte izan beharko dituzte parte hartzaileek, eta saria, Fnac dendako 100 euroez gain, hurrengo edizioko eduki sortzaileetako bat izateko kontratu profesionala lortzeko aukera izango da. Kategoria honen bidez, euskal eduki sortzaile berriei ikusgarritasuna eman eta haien ibilbide profesionala sustatu nahi da, sarean euskaraz sortzen jarrai dezaten.

Bziberren bederatzigarren edizioa lau astez luzatuko da, eta helburu nagusia izango da erakustea euskarak ere baduela lekua eduki digitalen sorkuntzan eta sortzaileak funtsezkoak direla bide horretan. Informazio gehiago eskuratzeko Bziber proiektuaren sare sozialak jarrai daitezke: TikTok (@Bziber) eta Instagram (@bziber_lehiaketa).