CIC energiGUNE energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratze eta bihurketan espezializatutako euskal ikerketa zentroak 2026. urteko Arizmendiarrieta-Anitua Saria eskuratu du, bere kudeaketa eredu humanista eta kolaboratiboagatik.
Gasteizko zentrotik jakinarazi dutenez, enpresa eredu inklusibo eta parte hartzailearen balioak beren kudeaketan txertatzen dituzten Arabako enpresa eta erakundeak bereizten ditu aitorpenak, eta Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak ematen du.
Bada, oraingoan, CIC energiGUNE saritu du, Sarkis Lagunketa eta Hazi Fundazioarekin batera, "erabakiak hartzeko prozesuetan erantzukizun partekatuan oinarritutako erakunde ireki, anitz eta kolaboratibo baten alde egindako apustuagatik".
Epaimahaiak nabarmendu du CIC energiGUNEk bost kontinenteetako 27 nazionalitatetako 200 pertsona inguruko taldea duela, eta horrek bere izaera kulturanitza eta kultur testuinguru desberdinetako profesionalekiko duen irekitasuna erakusten duela. Gainera, baloratu da plantillaren %48 emakumeak direla, baita langileen parte hartze aktiboa sustatzen duen modua ere, hala erabakiak hartzeko prozesuetan nola eguneroko kudeaketan.
CIC energiGUNEren arabera, sariak bere bikaintasun zientifikoa aitortzen du energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratzearen arloan, baita unibertsitate, ikerketa zentro eta enpresekin garatzen duen lankidetza eredua ere. Erakundeak zorroztasun zientifikoa eta aplikazio industriala uztartzen dituzten ikerketa proiektuak garatu ditu, eta horrek Europako I+G+B ekosisteman eragile garrantzitsu gisa duen posizionamendua indartu du.
Sari banaketa ekitaldia asteartean egin zen, martxoaren 17an, Molinuevo Fundazioaren Areto Nagusian, Gasteizen, Arabako erakunde nagusietako ordezkarien presentziarekin. CIC energiGUNEko Giza Baliabideetako zuzendari Asier Urzelairen hitzetan, "aitorpen honek bultzada bat ematen digu bikaintasun zientifikoa, nazioarteko irekiera, aniztasuna eta barne parte hartzea uztartzen dituen antolaketa eredua sendotzen jarraitzeko, pertsonak erdigunean jartzen dituzten balioekin bat eginez".