Síguenos en redes sociales:

Ensemble Clasico taldea izango da larunbatean Miramongo Matineeak zikloan

Ensemble Clasico taldea izango da larunbatean Miramongo Matineeak zikloanUtzitakoa

Euskadiko Orkestrak antolatzen duen Miramongo Matineeak ganbera musikako zikloaren beste emanaldi bat izango da larunbatean, martxoaren 21ean, eta Ensemble Clasico taldeak eskainiko du, Lorategi klasikoan paseatzen' izenburupean. Taldeko zazpi musikariak Euskadiko Orkestrako kideak dira: Virgile Demillac (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Pawel Krymer (biola), Beatriz Linares (biolontxeloa), Yuan Dai (fagota) eta Marianne Tauzin (tronpa).

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zazpikoteak klasizismoan oinarritutsako egitaraua aurkeztuko du. 1750 eta 1820 artean garatutako musika kultu europarraren estiloa da, idazkera musikalean argitasun formala, oreka eta dotorezia ezaugarri dituena.

Klasizismoaren ordezkari nagusiak Joseph Haydn eta Wolfgang Amadeus Mozart izan ziren, garai horretako figura nagusiak. Bada, kontzertuak "lorategi klasiko" horretan paseo bat egitea proposatuko du, bi konpositoreen lanak eta hain ezaguna ez den baina era berean "liluragarria" den Anton Reicha egilearen musika uztartuz.

Kontzertua hasteko 2. Hari kuartetoa entzungo da, Bostunak izenez ezagutzen dena. Haydnen azken kuarteto ziklo handiaren parte da, 1797-1798 inguruan idatzia eta Joseph Georg von Erdody hungariar kondeari eskainia. Ondoren, Anton Reicha Frantzian bizi zen jatorri txekiarreko musikagilearen Bariazioak fagot eta hari laukoterako obra interpretatuko du taldeak. Programa osatzeko, Mozarten Tronpadun kintetoa entzungo da, 1782an konposatu zuena Joseph Leutgeb tronpa jotzaile austriarrarentzat.

Kontzertua 11:00etan hasiko da, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan, eta sarrerak 11 euroan daude salgai euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan; gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku librerik geratzen bada.