Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak -Adinberri Fundazioaren bidez- eta Aretxabaletako Udalak 'POBA Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik Aretxabaleta' izeneko proiektu pilotua jarri dute abian Osakidetzaren Aretxabaletako osasun zentroan. Arreta soziosanitarioko eredu berritzailea da, eta, lehen aldiz, osasun, gizarte eta komunitate zerbitzuak espazio fisiko berean eta lan partekatuaren ikuspegitik integratuko ditu.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak eta Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbek asteazken honetan aurkeztu dute proiektua. Bere helburuak hauskortasun egoerei aurrea hartzea, bizi kalitatea hobetzea eta 70 urtetik gorako pertsonen ongizate integrala sustatzea direla azaldu dute, eta EAEko beste udalerri batzuetara zabal daitekeen erreferentzia eredu bihurtzeko asmoz sortu dela.
Aurkezpenean nabarmendu dutenez, POBAk "zaintza sistemaren paradigma aldatuko du", nagusiki erreaktiboa den eredu batetik, beste eredu prebentibo, proaktibo, pertsonalizatu eta koordinatu batera igarotzen baita, non sistema sanitarioak eta sozialak elkarrekin eta modu osagarrian jarduten duten. Pertsonak leku nagusia hartuko du interbentzioan, zerbitzuen hartzaile gisa ez ezik, eskubide eta zainketen subjektu aktibo gisa ere.
Osakidetzaren osasun zentro gisa funtzionatzeaz gain, gizarte zerbitzuak ere hartzen ditu arreta integrala eskaintzeko, prebentzioaren ikuspegitik eta pertsona ardatz hartuta
Osakidetzak Aretxabaletan bizi diren 70 urtetik gorako 1.272 pertsona identifikatu ditu, eta horietatik %55 inguruk parte hartu dute hasierako balorazioan (729 pertsona), Adinekoei Arreta emateko Planaren bidez, tipologiaren arabera sailkatzeko. Balorazioaren ondoren, Osakidetzak Aretxabaletan une honetan mendekotasuna duten 146 pertsona, 46 ahul eta 505 sendo atzeman ditu.
Aretxabaletako zentro soziosanitario berriak zaintza eredu "erabat integratua" gauzatuko du osasun, gizarte eta komunitate zerbitzuen artean. Integrazioa antolakuntzan zein espazio fisikoan bertan gertatuko da, profesionalen arteko koordinazioa erraztu eta herritarrei arreta goiztiar, hurbil eta eraginkorragoa eskaintzeko.
PROIEKTUA
Izan ere, Osakidetzaren Aretxabaletako osasun zentroa hartzen duen eraikin berean dago kokatuta. Bertan, hiru solairu osasun arlora bideratuta daude esklusiboki, eta azken solairua udaleko gizarte zerbitzuetarako da. Horrela, Osakidetzaren osasun zentro gisa funtzionatzeaz gain, gizarte zerbitzuak ere hartzen ditu arreta integrala eskaintzeko, prebentzioaren ikuspegitik eta pertsona ardatz hartuta.
Proiektuaren berritasun nagusien artean pertsonen balorazio integrala eta bateratua nabarmentzen da, alderdi sanitarioak, funtzionalak, kognitiboak, emozionalak eta sozialak barne hartzen dituena.
Ebaluazio horretatik abiatuta, eta Osakidetzako Adinekoen Arreta Plana eta Gizarte Zerbitzuen arreta plan indibidualizatua erreferentziatzat hartuta, Arreta Soziosanitarioko Plan Indibidualizatu bateratua egiten da, pertsonarekin berarekin adostuta, haren benetako beharretara egokitutako erantzunak emateko.
Era berean, POBAk hauskortasunaren prebentzio aktiboaren aldeko "apustu irmoa" egingo du, erorikoak, polifarmazia edo narriadura kognitiboa edo bakardade kasuak bezalako arriskuak garaiz identifikatzeko, eta autonomia mantentzera eta mendekotasun egoerak atzeratzera bideratutako programa pertsonalizatuak garatzeko.