Euskaltzaindiak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak bost urterako lankidetza hitzarmena izenpetu dute euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, transmisiorako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak sinatu dute akordioa.

Erakunde sinatzaileek jakinarazi dutenez, hitzarmeneko egitasmo guztietan Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartu dute. Era berean, euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartu dute.

Euskaltzaindiak eta UEUk euskarazko produkzio zientifikoak duen "aitortza txikiaren gaineko kezka" partekatzen dute eta, beraz, "euskarazko produkzio zientifikoaren zilegitasuna aitortu eta prestijiatzeko ekimenak bultzatzeko konpromisoa" hartu dute.

Halaber, unibertsitate eta kalitate agentziei dagokionez, elkarlanean eragiteko asmoa agertu dute, euskaraz egindako ekoizpenak "merezi duen aitorpen akademikoa" eduki dezan, are gehiago euskara ofiziala den lurraldean.

Maila akademikoan euskarari ospea eta zilegitasuna aitortzeko asmoz, bi aldeek ekitaldi akademiko bat eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko ikastaroak antolatuko dituzte

Erakunde biok "euskararen transmisio eta motibazioaren inguruko atxikimenduaren gainbehera kultur transmisioaren indartzearekin lotzea" partekatu dute, eta euskarak eskaintzen dituen aukerak "modu positiboan transmititzeko eta sustapen eta ikusgarritasunean lan egiteko" konpromisoa hartu dute, bitartekoak esleitzeko aukerekin.

EUSKALTZAINDIAK

2026ari dagokionez, Euskaltzaindiak euskaraz sortu, argitaratu eta zabaltzen duenaren oinarrizko informazioa jarriko da Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu basean, eta UEUren testu multzoak Euskararen Erreferentzia Corpusean jasotzearen eremuan, Lexikoaren Behatokian jaso gabe dauden UEUren unibertsitate mailako argitalpenak jasoko ditu.

Era berean, sorkuntzaren eta sustapenaren arloan, ikertzaile gazteen ibilbidea sustatzeko beka deialdia sortu eta abiatuko dute, ikertzaile hasiberrien lana bultzatzeko asmoz, eta argitalpen deialdi bateratu baterako oinarriak lantzen hasiko dira.

Azkenik, maila akademikoan euskarari ospea eta zilegitasuna aitortzeko asmoz, bi aldeek ekitaldi akademiko bat eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko ikastaroak antolatuko dituzte.