Oilaskoerbi eta marmotaren sekretua animaziozko filma estreinatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hainbat zinema aretotan ostiral honetan, urtarrilaren 16an, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari zuzendutako film belgikarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.
Zineuskadi elkarteak jakinarazi duenez, aurten euskaratuta ikusiko den lehenengo lana da. Zinema Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.
Golem Alhondiga (Bilbao), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Cines Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Getxo Zinemak (Getxo), SADE Príncipe (Donostia) eta Golem La Morea (Iruñea) aretoetan ikusi ahalko da ostiral honetan Oilaskoerbi eta marmotaren sekretua' filma.
Zinema Euskaraz programak beste film batzuk ere ekarriko ditu datozen hilabeteetan EAEko zinema aretoertara, besrteak beste, Ochiren legenda eta Baba Yaga.
BESTE ALBISTE BATZUK
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k urtarrilaren 23ra arte ireki dute Zirgari 2026 berdintasun sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea. Emakumeen eskubideekin eta emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako pertsonak, erakundeak eta proiektuak aintzatestea da Ziegari sarien helburua.
Foru erakundetik azaldu dutenez, hamar urte baino gehiagoko ibilbidea duten sariek "erreferente bihurtu dira Bizkaian gizartea eraldatzen laguntzen duten ekimenak ikusarazteko, hala nola indarkeria matxista desagerraraztea, hezkidetza, emakumeen ahalduntzea, erantzunkidetasuna edo bizitzaren iraunkortasuna".
Deialdiak ohorezko sari bat barne hartzen du, pertsona fisiko batek edo gehiagok emakumeen eskubideen eta berdintasunaren sustapenean egindako ibilbidea aitortzen duena; beste sari bat irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeek berdintasunaren alde egindako proiektuentzat da, eta hirugarren bat dago emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeen ibilbidea aitortzeko.