UEMA 2025eko urtekaria banatzen hasi da kide diren udalerrietako etxeetan
UEMA Udalerri Euskal Udalerrien Mankomunitatea abenduan urtekari modura plazaratzen duen argitalpena banatzen ari da kide diren udalerrietako etxebizitza guztietan. 'Berripapera' argitalpenaren 154.000 aleko tirada egin da, 2025eko abenduko zenbakia da.
UEMAk jakinarazi duenez, webgunean, sareetan eta Telegram kanalean mankomunitatearen jarduna jarraitzeko modua baldin badago ere, oraindik herritarren zati handi batengana heltzeko ezinbestekoa da informazioa paperean argitaratzea eta etxeraino banatzea.
Bada, helburu horrekin sortu zen UEMAren 'Berripapera', Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ildo eta ekimen nabarmenenak zabaltzeko.
Horrela, 2025eko abenduko zenbakian, urtean zehar UEMAk egindakoen nondik norakoak islatzen dira, hala nola arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia, zazpi udal berri UEMAra sartzea, euskararen aurkako oldarraldia eta horrek udalerri euskaldunetan nola eragiten duen, edota azken epaiak salatzeko uztailean herriz herri egindako elkarretaratzeak.
Era berean, UEMAko kide den udalerri bakoitzerako sortutako koaderno demolinguistikoak, hezkuntza formalean eragiteko UEMAren hiru zutabeak, Arnasetik bideo sormen lehiaketa, euskara eta kulturartekotasuna, gazteentzako Salto! udalekuek aurten eman dutena, edota zerbitzu sektorean euskarak dagokion lekua izan dezan egindako kanpainak ere azaltzen dira, besteak beste.
BESTE GAI BATZUK
Gasteizko Udaleko Enplegu Zerbitzuak 2026rako enplegurako prestakuntza programan izena emateko epea ireki du, eta areko 750 ikastaro eta aurrez aurreko beste 85 eskaniko ditu, 1.250 plaza baino gehiagorekin.
Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak azaldu duenez, "deialdiaren berritasun handienetako bat CETICen antolatu ditugun ikus-entzunezkoen sektoreari aplikatutako gaitasun digitalei buruzko ikastaroak dira. Ikastaro horiek beren ekoizpenak filmatzeko gure hirira iristen diren enpresen beharrak aintzat hartuta prestatutakoak dira".
Prestakuntza hori Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Eskolak emango du, 'Fast Forward by ESCAC/OFF ESCAC' programaren esparruan.
Gainera, CETIC udal zentroak 4.0 industria arloan informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, sormen industrietan, oinarrizko gaikuntza digitalean eta alfabetatze digitalean prestatzeko aukera eskainiko du.