Xilaba Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Lapurdira itzuliko da igandean, abenduaren 21ean, Hiriburuko La Perle gelan egingo baita bigarren faseko azken saioa, eta bertan argituko da nortzuk igaroko diren finalaurrekoetara, Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez.
Aitor Servier Etxexuri, Irantzu Idoate Funosas, Joanes Etxebarria Martinez, Johaine Sarraillet Arrizabalaga, Nahia Sasco Etxeberri eta Ramuntxo Christy Biscay bertsolariak arituko dira kantuan.
Gai emailea Antton Lannes Duhalde izango da, eta Ainhoa Sarasua Laskarai, Eneko Bidegain Aire, Zuhaitz Olazabal Susperregui, Iban Thicoipe eta Ortzi Murua Berra egongo dira epaile lanetan.
Xilabako bigarren faseko bi saio jokatuta, dagoeneko hamabi postuetatik sei erabakita daude: Miren Artetxek eta Maddi Ane Txoperenak ziurtatuta dute, saioko garaile izanik, eta puntuazioz, matematikoki finalerdietan daude Maddalen Arzallus, Patxi Iriart, Elixabet Etxandi eta Haira Aizpurua.
Hiriburuko igandeko saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara eta Bardozeko saioan kantatuko du 2026ko urtarrilaren 17an.
Saioa 17:00eta hasiko da eta sarrerak www.bertsosarrerak.eus loturan eskura daitezke; sarrerak ez badira aurretik bukatzen, egun berean 16:00etatik aurrera aukera izango da bertan erosteko.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kultur eta sormen industrien (KSI) sektorean potentzial berritzaile handia duten proiektuak garatuko dituzten enpresentzako diru laguntzetarako 2026-2027 aldiko deialdia egiten duen agindua onetsi dy astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak, eta guztira 900.000 euro bideratuko ditu, aurreko deialdian baino %28,5 gehiago.
Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi duenez, deialdiaren zenbatekoa bi ekitalditan banatuko da: 450.000 euro 2026an eta beste horrenbeste 2027an.
Deialdia "funtsezko tresna" da trantsizio hirukoitzaren erronkei erantzuteko eta EAE 'Regional Innovation Scoreboard' deritzon taulan berrikuntzako eskualde lider gisa kokatzeko.
Gainera, deialdiak garrantzi handiagoko proiektuen katalizatzaile izan nahi du, berrikuntza proiektuen nazioartekotzea sustatzen baitu, batez ere Europaren testuinguruan, 'Horizon Europe' eta 'EIT Culture & Creativity' deialdien bidez.