Galtzagorri elkarteak Liburu Hari Boom liburu gomendio lehiaketaren lehenengo edizioko irabazleen izenak jakinarazi ditu astelehen honetan, epaimahaiak parte hartzeko epea amaitutakoan jasotako 87 lanak aztertu eta baloratu ondoren.
Horrela, Izei Gallastegi 14 urteko elorriotarra izan da lehen sariaren irabazleak, 'Mintxo' (Miguel Berzosa, 2018) komikiaren iruzkinarekin, animaziozko bideo formatuan. Port Aventura parkerako lau sarrera eta gau bat hotelean eta dagokion arloan sortzen jarraitzeko materiala irabazi ditu.
Epaimahaiaren bigarren saria Mara Aranburu 14 urteko gazte tolosarrak lortu du, 'Mendiko errege-erreginak' (Daniel Hernandez, itzultzailea Juan Luis Zabala, 2024) liburuaren iruzkin eta gomendioa egiteagatik audio formatuan. Dagokion arloan sortzen jarraitzeko materiala irabazi du.
Hirugarrenik, Lur Irasuegi 13 urteko elorriotarrak irabazi du Sortzaile Gaztea Saria, 'Sua' komikiaren bideo gomendioarekin. Ihes-gela baterako sei lagunentzako bonua irabazi du.
Hiru lan sarituak ikusgai daude https://liburuhariboom.wordpress.com/ webgunean. Irabazleez gain, Alaia Aranburu eta Adei Antia (12 urte, Beasain), Eztizen Basterretxea (12 urte, Bilbo) eta Marieta Hincapie (14 urte, Donostia) ere iritsi dira finalera.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Ikastolen Elkarteak dei egin du Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako Bilbao Arena pabiloian antolatutako 'Euskaraz bizitzeko Pizkundea' ekitaldian parte hartzera eta aretoa "euskaltzalez betetzera".
Ikastolen Elkarteak prentsa ohar bidez adierazi duenez, ekitaldiak "urteetan metatutako kezka eta eskakizunei erantzun kolektibo bat eman nahi die: etsipenetik urrundu eta indarraldi berri bati ateak zabaltzea, euskaraz bizitzeko nahia eta konpromisoa agerian utzita".
"Kontseiluak azaldu duen bezala, helburua da milaka euskaltzale biltzea, euskararen normalizazioan atzerapauso arriskutsuak ekar ditzaketen oldarraldi judizial eta politikoen aurrean herri erantzun sendo eta baikorra emateko", adierazi du.
Horrela, Ikastolen Elkartaren arabera, larrialdi egoera honetan, "euskaraz bizi nahi den herri bat dagoela erakutsi nahi da, eta euskararen aldeko politika ausart eta eraginkorrak exijitu, hizkuntza berdintasuna, justizia soziala eta gizarte kohesioa bermatzeko".
Bada, ikastolen mugimenduak bat egin du deialdiarekin eta "garrantzi berezia" eman dio "indar erakustaldi handi bati". Ikastolen ustez, egungo testuinguruan, "ezinbestekoa da euskararen aldeko jendarte zabalak ikusgarritasun politiko eta sozial handiko ekitaldi batean bere ahotsa eta presentzia agertzea".
"Ikastolak hezkuntza sare euskaldun komunitarioa gara, eta egunez egun ikusten dugu familiek eta haurrek euskaraz bizitzeko dituzten oztopo eta aukerak. Horregatik, uste sendoa dugu: Bilbao Arena betetzea ez da ekintza sinboliko hutsa, baizik eta mezu argi bat euskal gizartearentzat eta erabaki guneentzat", azaldu du.
Mezu hori hiru ideiatan laburbildu Ikastolen Elkarteak: "Euskaraz bizi nahi dugula, euskara guztion ardura dela, eta hizkuntza politikan jauzi sendoa ezinbestekoa dela".