Juan Mari Aburto Bilboko alkateak 2025eko Bilboko Ospetsuak sariak banatuko ditu datorren astelehenean, abenduaren 15ean, udaletxeko Arabiar aretoan egingo den gala berezi batean, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.
Sarituen artean dago Joaquin Achucarro Arisqueta pianista, Bilbo munduko eszenatoki ospetsuenetara eramateagatik eta musika zabaltzeko eta irakasteko egindako lanagatik", baita Ibon Areso Mendiguren Bilboko alkate ohi eta arkitekto hirigilea, "Bilboren hirigintza aldaketaren egilea izateagatik, hiria etengabean eraldatuz".
Gurutze Beitia Basterretxea aktoreak ere jasoko du izendapena, "aktore gisa duen talentuagatik eta bere umore eta bihotz bilbotarrarekin beti alaitasuna transmititzeagatik", baita Begoña Etxeberria Madariaga soziologoak ere, "bere balioengatik eta Bilboko gazteen enplegua hobetzeko konpromisoagatik".
Azkenik, Andres Urrutia Badiola idazle, notario, eta euskaltzainburuari ere emango diote Bilboko Ospetsu saria, "Bilbotik euskara defendatzeko eta bultzatzeko egindako lan irmoagatik".
Ekitaldia 19:30ean egingo da. Udaletxean egiten den ekitaldi garrantzitsuenetakoa da, eta hiriaren izen ona zabaltzen eta hedatzen laguntzen duten pertsonei edo erakundeei omenaldia egiten die.
Bestalde, beste gai batzuekin jarraituz, Marina Kalashnikova Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroko ikertzailea Europako Ikerketa Kontseiluko (ERC) 'Consolidator Grant' laguntzen onuradunetako bat izan da 2025eko deialdian, eta Haur Hizkuntza eta Kognizioa taldeko buruak bi milioi euroko finantzaketa jasoko du Europar Batasunetik datozen bost urteetan 'Bilingual LENS' proiektua gauzatzeko.
BCBLko iturriek jakinarazi dutenez, jaiotzetik ingurune elebidunean dauden haurren hizkuntzaren garapen goiztiarrean eragiten duten faktore neurobiologikoak eta ingurumenekoak identifikatzea du helburu egitasmoak.
"Munduko haur gehienak hizkuntza bat baino gehiago eskuratuz hazten dira. Hala ere, hizkuntza bereganatzeko moduari buruz dugun ezagutzaren zati handi bat haur elebakarrekin egindako ikerketetan oinarritzen da. 'Bilingual LENS' proiektuak ikuspegi hau zalantzan jartzen du", azaldu du ikertzaileak.
Hutsune zientifiko hori betetzeko, proiektuak luzetarako ikerketak egingo ditu Gipuzkoan jaio eta hazitako haurrekin, lehen egunetatik hizketa euskaraz eta gaztelaniaz entzuten dutenekin. Jarraipenak lehen hilabetetik 24 hilabetera arte iraungo du.