Síguenos en redes sociales:

Segurtasun dispositibo berezia abiatu dute Bilbon Gabonak eta merkealdia direla eta

Segurtasun dispositibo berezia abiatu dute Bilbon Gabonak eta merkealdia direla etaUtzitakoa

Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak aurten ere jarri dute martxan zaintza eta kontrol kanpaina bateratua Gabonetarako eta merkealdiaren hasierarako. Hirian dagoeneko finkatuta dagoen dispositiboa da, eta herritarren segurtasuna indartzea du helburu, poliziaren presentzia areagotuz eta prebentzio jarduketak eginez egunotan jende gehien biltzen den tokieta.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, operatiboa data horietan ohikoenak diren delituen prebentzioan oinarrituko da, batez ere merkataritza eta ostalaritza jardueraren ondorioz jende asko biltzen den eremuetan gertatzen diren deskuidu ebasketen eta lapurreten prebentzioan. Dispositiboa ostiral honetan hasiko da, abenduaren 12an, eta urtarrilaren 18ra arte egongo da martxan.

Ondarearen aurkako delituak Bilbon erregistratzen diren delitu presentzialen %70 inguru dira, eta, horien artean, gehienak ebasketak dira. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak urte osoan egiten dute lan modu koordinatuan inpaktua murrizteko, eta lankidetza une jakin batzuetan areagotzen dute, hala nola abuztuan -Aste Nagusiaren inguruan- eta abenduan eta urtarrilean.

Gabonetako kanpainan eta merkealdian ohikoa da saltokietan eta eremu publikoan ebasketak gehitzea, bai eta jende pilaketekin, jai ekitaldiekin edo bazkari eta afariekin lotutako deskuidu lapurretak ere.

Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren Gabonetarako eta Merkealdirako Prebentzio Plana 2015ean jarri zen abian lehen aldiz, eta, ordutik, bi polizia kidegoek urtero berritu dute, "oso emaitza onak" izan baitituzte, helburu behinena lortuta, hau da, Bilbon ebasketa eta lapurreta kasuen gorakada murriztea edo geldiaraztea.

Hiriko merkataritza eta ostalaritza gune nagusietan egingo da prebentzio kanpaina, horrelako negozioen ordutegietan. Prebentzioa, beraz, bide publikoan egingo da, batez ere oinezkoen guneetan eta jende gehien bildu ohi den lekuetan, eta merkataritza eta gaueko aisialdiko guneetan, hala nola Abandon, Indautxun, Zazpikaleetan edo Boluetan.