Bilboko San Tomas azokaren 76. edizioa egingo da abenduaren 21ean eta 243 etxola izango ditu Areatzan eta inguruetan, horietatik 166 ekoizleen saltokiak. Antolatzaileek 100.000 pertsona inguru batzea aurreikusi dute.

BBK-ko, Bilboko Udaleko eta Bisubi Fundazioko ordezkariek azokaren inguruko xehetasunak eman dituzte ostegun honetan Bilbon egindako agerraldian.

Azaldu dutenez, 09:00etatik 20:00ak arte, Bilboko Areatzan eta inguruetan 243 etxola egongo dira. Horietatik 166k, 117 ekoizle ordezkatuz, baserritarren askotariko produktuak zuzenean salduko dituzte; gainera, 12 txosnak osotuko dute San Tomas eguneko gastronomia eta jai eskaintza.

Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak adierazi duenez, "aurten ere BBKn ilusio eta ahalegin handiz antolatu dugu azoka hau pertsonak gure lurraldearekin eta gure balioekin lotzen dituen tradizio hau bizirik mantentzeko elkarlanean jarduten dugun eragile guztiok".

"San Tomas azokaren jatorrizko espiritua gogoratzeko aukera da, baserritarrak hirira errentak ordaintzera eta beren produktuak saltzera jaisten ziren eguna baita. Gaur egun, landa eremua eta hiri eremua beste modu batera erlazionatzen diren testuinguruan, azoka ere aldatu egin da eta balio eta esangura berriak ditu, hala nola elkartasuna, jasangarritasuna eta lehen sektorearekiko konpromiso kolektiboa", esan du.

Bisubi Bizkaiko Sukaldarien Bilkura Fundazioa arduratuko da aurten ere San Tomas azokaren proposamen solidarioena koordinatzeaz, eta goizean goizetik, fundazioko kideek, boluntarioek eta laguntzaile gertukoenek Gernikako 4.500 indaba anoa prestatuko dituzte su motelean, sakramentu eta guzti, putxera metodo tradizionala jarraituz. Anoak banatzeko, BBK-ko eta hainbat gizarte erakundetako boluntarioen laguntza izango dute.

Anoa solidarioak 4 euroren truke dastatu ahal izango dira Estalpeen gunean, baina janaria ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta elikagaiak alferrik galtzea saihesteko, jendeak anoa solidarioak ere erosi ahal izango ditu etxera eroateko (8 euro). Gainera, soberako guztia ontziratu et lurraldean gehien behar duen jendearen artean banatuko da.

Bildutako euro bakoitza Bizkaian gizarteratzearen eta ongizatearen alde lan edo behar egiten duten elkarteentzat zuzeneko laguntza izango da. Oraingoan, zenbateko osoa Lagun Artean Harrera Zentroari, Gregorio Ybarra pertsona gorrak gizarteratzeko elkarteari, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteari eta Naizen adingabe transexualen familien elkarteari emango zaie.

Iaz 16.000 euro batu ziren San Tomas azokan egindako ekintza gastro-solidarioen bidez, eta aurten ere ekimenak harrera ona izango duela espero du BBK-k.