Bilboko Udala erabat berritzen hasi da Errekalde auzoan dagoen Eskurtze parkeko rokodromoa, eta 69.741,62 euro erabiliko ditu horretarako. Jarduketaren helburua da instalazioa modernizatzea, segurtasuna hobetzea eta indarrean dagoen araudira egokitzea.
Bilboko Udalak jakinarazi duenez, egungo rokodromoa desmuntatu eta erabat kenduko da, eta zuntzezko boulder berria instalatuko da. Inklinazio desberdineko zenbait planok osatuko dute boulderra, eta 3,35 metro inguruko gehieneko altuera eta 8,75 metroko luzera izango ditu.
Egitura berria armazoi metaliko baten bidez finkatuko da, eta monolito bakar gisa egikarituko da, DolmexGrip deritzon akaberarekin, heltzea hobetzeko. Ekipamenduak poliuretanozko eskaladako 600 helduleku izango ditu, tamaina eta kolore desberdinetakoak, guztiak lapurreten aurkako sistemarekin. Era berean, dagoen zoladura motelgailua mantenduko da, eta lanak amaitzean hidrogarbiketa egingo da.
Jarduketaren aurrekontua 69.741,62 eurokoa da (BEZa barne), eta lanak sei asteko epean amaituko direla aurreikusi da.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen bosgarren edizioaren antolakuntza abian da, eta ikastaro proposamenak aurkezteko epea zabalik dago astelehen honetatik urtarrilaren 18ra bitarte. 2026ko edizioa ekainaren 29tik uztailaren 3ra arte izango da, Baionan, eta antolakuntza taldeak interesa izan dezakeen orori ikastaro proposamenak egiteko gonbidapena luzatu die.
Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak 2022an sortu ziren, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker, eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin.
Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, ikastaroek unibertsitate eta erakunde zientifikoetan sortutako ezagutza zabaltzea dute xede eta mugaz gaindiko herritarrei, ikaslegoari eta mundu akademikoari zuzenduta daude.
Proposamenak lantzerakoan, aintzat hartu beharko da, gutxienez, mugaz gaindiko eskualdeetako bi erakunde publiko edo pribaturen partaidetza izan beharko dutela, eta horietako bik estatu desberdinetakoak izan beharko dutela. Era berean, zuzendari bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du.