Síguenos en redes sociales:

Euskarazko edo euskal kulturari lotutako 40 lan berri eramango ditu EHUk Durangoko Azokara

Euskarazko edo euskal kulturari lotutako 40 lan berri eramango ditu EHUk Durangoko AzokaraUtzitakoa

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) euskarazko edo euskal kulturaren inguruko 40 argitalpen berri aurkeztuko ditu ostiralean hasiko den 60. Durangoko Azokan, horietatik 30 euskaraz idatzitakoak.

EHUk jakinarazi duenez, Argitalpen Zerbitzuak 150 lan inguru plazaratzen ditu urtero, eta, batzuk liburuak diren arren, aldizkariek osatzen dute argitalpenen multzoa, hainbat aldizkari baitaude unibertsitatearen funtsetan.

Argitalpen Zerbitzuak urtean zehar beste azoka batzuetan parte hartzen badu ere, guztietatik bereziena Durangoko Azoka da. EHUko Hizkuntza Zerbitzua arduratzen da zenbait argitalpen bultzatzeaz eta euskaraz argitaratzen diren lanen euskara kalitatea zaintzeaz, eta Durangorako bereziki prestatzen dira, "helburua izaten baita ezagutza alor ezberdinetan euskaraz idatzitako edota euskal kulturari lotutako punta-puntako lanak eramatea".

Horrela, Durangoko agertokira "euskarazko liburuz gainezka joango da aurten ere" EHU, euskarazko edo euskal kulturari lotutako 40 lan berrirekin, horietako 30 euskaraz idatzitakoak.

Bederatzi unibertsitateko eskuliburuak izango dira, horietako bi Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean argitaratuak: 'Euskal gizabidearen emarian' (Jon Mentxakatorre Odriozola eta Andoni Eizagirre Eizagirre) eta 'Amerika eta diaspora euskal literaturan' (Asier Barandiaran Amarika). 14 monografia berri ere eramango ditu EHUk Azokara, bai eta serie eta bildumetan argitaratutako 15 lan berri ere.

Azkenik, aldizkari zientifikoen azken zenbakiak ere eramango ditu unibertsitate publikoak Durangora: 'Ekaia (Zientzia eta teknologia)' aldizkariaren 47. zenbakia eta ale berezia, eta 'Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio Urquijo (Euskal Filologia, hizkuntzalaritza eta literatura)' aldizkariaren 58-2 zenbakia.