Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatu eta AZTI zentro teknologikoak koordinatutako Juvena 2025 kanpaina zientifikoak antxoa gazteen populazioaren ebaluazioa amaitu du Bizkaiko Golkoan, eta kalkuluek ugaritasun maila handia berretsi eta gazteen biomasa 544.781 tonatan kokatu dute. Kopuru horrek batez besteko historikoa bikoiztu du eta igoera nabarmena dakar iaz erregistratutako 255.344 tonekin alderatuta.
AZTI zentroko iturriek jakinarazi dutenez, irailaren 5etik urriaren 10era bitartean egindako Juvena 2025 kanpainaren emaitzek 2026ko kostako arrantza kanpainarako "erreklutamendu ona" aurreratzen dute, eta maiatzean Bioman kanpainak markatutako aurreikuspenak berretsi dituzte. Aztik berak gidatutako beste kanpaina horrek biomasa heldu handia eta arrautza ekoizpen altua estimatu zituen.
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren jarraipen programen esparruan dauden bi azterlanek espeziearen bizi ziklo osoaren argazki osoa eskaintzen dute, eta hori funtsezko informazioa da Kantauri itsasertzeko baliabiderik baliotsuenetako baten kudeaketa moldakor eta iraunkorra bermatzeko.
"2025eko datuek argi erakusten dute espeziearen egoera ona, eta berriro ere azpimarratzen dute arrantza kudeaketan ezagutza zientifikoan oinarritzea zein garrantzitsua den", adierazi du Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Itsasertzeko Garapeneko sailburuordeak.
Juvena eta Bioman serieen konbinazioari esker, erreklutamendua eta izakinaren (stocka) bilakaera zehaztasunez kalkula daitezke, eta hori funtsezko informazioa da Itsas Ikerketarako Nazioarteko Kontseiluak egiten duen ebaluazio zientifikorako.
KANPAINA
Juvena kanpainak aurten estimatutako ugaritasunak udaberrian jaiotako ale gazteen biziraupen bikaina berresten du -38.160 itsas milia koadroko azalera hartu du aztergai-, eta larba eta gazte faseen garapenerako baldintza ozeanografiko eta ekoizgarri oso onuragarriak egon direla erakutsi.
"Antxoa europarra bizi ziklo laburreko eta urtez urteko aldakortasun handiko espeziea da, Bizkaiko Golkoaren baldintza ozeanografikoen oso mende dagoena. Bi eta hiru urte arteko bizi zikloa du, eta bere ugalketa uraren tenperaturaren, elikagai eskuragarritasunaren eta ozeano korronteen menpe dago, besteak beste. Horregatik alda daiteke horrenbeste bere biomasa urtetik urtera", azaldu du Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak.
Aztertutako antxoa gazteen batez besteko luzera 6,3 zentimetrokoa izan da, seriearen batez bestekoaren azpitik, eta hori ohikoa da errunaldiaren biziraupen handiko urteetan.