Santurtzik Bilbora nazioarteko lasterketaren 37. edizioa jokatuko da igandean, azartoaren 30ean, Ezkerraldeko udalerriaren eta Bizkaiko hiriburuaren artean, eta 3.000 parte hartzaile baino gehiago bilduko ditu, bere arduradunek aurkezpenean iragarri dutenez.

Karmele Tubilla Santurtziko alkateak, Itziar Carrocera Santurtziko Udaleko Kultura, Euskara eta Kiroletako zinegotziak, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak eta Oscar Álvarez lasterketa antolatzen duen Santurtziko Atletismo Klubeko zuzendariak aurekeztu dute lasterketa, Santurtziko Dorretxeko Bolintxes aretoan.

Gogorarazi dutenez, Santurtzitik Bilbora lasterketaren bidez, Ezkerraldeko herritik abiatzen ziren sardina saltzaileek egiten zuten bidea gogoratu nahi da, eta 14 kilometroko ibilbidea izango du, Santurtziko Mikel Trueba kiroldegian hasi eta Guggenheim Bilbao Museoan bukatuz.

Tubillaren hitzetan, "lasterketa honen ezaugarri nagusia izaera herrikoia da, eta parte hartzaileen kopurua hazten joan da ediziotik ediziora, gero eta afizionatu gehiago ez ezik, gero eta nazioarte mailako atleta gehiago ere bertaratzen direlako, eta aurten ere hala izango da".

Era berean, era honetako lasterketak antolatzen eta laguntzen jarraitzeko Santurtziko Atletismo Klubaren eta instituzioen "kemena" nabarmendu du, bai eta kirolari askok eta zaleek "gorriz markatuta" daukatela lasterketa "bere ibilbide bereziagatik" eta gero eta gehiago direla parte hartzera animatzen direnak ere.

Bestalde, Errotetak balioa eman die lasterketaren orain arteko edizioei, "lankidetzari eta sintonia onari esker" lortu baitira. "Kirol lasterketa izatetik gero eta parte hartzaile eta publiko gehiago dituen ekitaldi bihurtu da, udalerri ugariren inguruan", adierazi du.

ORDUA

Proba 11:00etan abiatuko da Santurtziko Mikel Trueba udal kiroldegitik, eta Bilboko Guggenheim museoko zabalgunean amaituko da. Izen-ematea ostegunera arte egongo da irekita interneten eta asteartera arte aurrez aurre, 18:00etatik 21:00etara, Oriol jauregiaren ondoko zaintzailearen etxolan.

Izen-ematea Internet bidez egin bada, dortsalak Oriol jauregian ondoko zaintzailearen etxolan jaso ahalko dira astelehebetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, bai eta igandean bertan ere, proba baino ordubete lehenago.