Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak ikerketa aitzindari bat jarri dute martxan, Bizkaiko eskualdean dagoen Butroeko estuarioko paduretan mendeetan zehar metatutako 'karbono urdina' kuantifikatzeko.
Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, 'karbono urdina' da itsasertzeko ekosistemetan pilatutako karbonoa, bereziki paduretan, eta milaka urtez harrapatuta gera daiteke lurrazpiko sedimentuan.
Kostaldeko hezeguneak lehorreko baso gehienak baino karbono hustubide eraginkorragoak dira, eta epe luzean dituzten bahiketa tasak oihan tropikalak baino 55 aldiz azkarragoak izan daitezke. Ikerketak nabarmenduko du padurek berebiziko garrantzia dutela, naturan oinarritutako irtenbide gisa, klima aldaketa arintzeko eta klima aldaketara egokitzeko.
Bada, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak finantzatzen du baterako ikerketa, eta EHUko Harea-Itsasertzeko Geologia ikerketa taldeak garatzen arida.
Azterlanean, sedimentuen analisi aurreratuak eta erradioisotopo bidezko datazioa erabiltzen dituzte, eta hortik lortutako emaitzek "funtsezko datu kuantitatiboak" emango dizkiete EAEko administrazio publikoei itsasertza kudeatzeko eta egokitzeko estrategia zehatzak formulatzeko, hala beteko baita Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea.
BILBO
Bestalde, Bilboko Udalak Gaurkotasunarekin Topaketak zikloaren beste saio bat antolatu du astearterako, azaroaren 25erako, Kantauri itsasoa krisi klimatikoaren aurrean, begirada zientifikoa COP30en ondorioei izenburupean.
Mikel Reparaz kazetariak moderatuko du solasaldia, eta Guilem Chust eta Maite Erauskin AZTIko klima aldaketaren arduraduna eta itsas ekosistemen ikertzailea bilduko ditu, hurrenez hurren.
Bilboko Udaletik adierazi dutenez, krisi klimatikoa informazio agendan bigarren maila batean dagoela dirudien arren, COP30 Klima Aldaketari buruzko NBEren Konferentzia bukatu berri da Belem hiri brasildarrean. Mundu osoko zientzialariak, adituak eta lehen mailako ordezkari politikoak bildu dira bertan, planeta murgilduta dagoen klima aldaketa arintzeko edo horretara hobeto egokitzeko neurriak adosteko.
Mikel Reparaz kazetariak moderatuko du solasaldia
Bada, asteartean Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean egingo den topaketan, klima aldaketak planteatzen dituen erronkak azalduko dira ikuspegi zientifiko batetik, hurbilagoko eremu batean zentratuz, Kantauri itsasoan, alegia.