Síguenos en redes sociales:

Euskal Artisten II. Mintegia egingo dute Lanarteak eta UEUk ostegunean Donostian

Euskal Artisten II. Mintegia egingo dute Lanarteak eta UEUk ostegunean DonostianUtzitakoa

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Euskal Artisten II. Mintegia antolatu dute ostegunerako, azaroaren 20rako, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Santa Teresa komentuan, Marko bat kultura euskaraz bizitzeko eta egiteko, minorizazioan ez betikotzeko izenburupean.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, duela bi urte, artistaren estatutuaz hitz egiteko tartea hartu zuen Lanarteak Oiartzunen (Gipuzkoa), UEUrekin elkarlanean, eta orain, Donostian hartuko du gogoetarako tartea.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Oiartzungo hitzordutik hona, Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzei Buruzko I. Inkesta egin du Lanarteak, sortze eta interpretazio hizkuntza zehar-lerro gisa erabiliz, eta, hala, kultura euskaraz egiteko apustuaren ondorio ekonomikoei neurri bat jarri die.

Beste eragile batzuek ere eginak dituzte beren azterketak azken bost urteetan, eta horien emaitza ugari bat dator Lanartearen lanarenarekin.

Bada, bateko eta besteko datuak abiapuntu hartuta, euskal kultur ekosistema biziberritzeko urratsak gogoetagai bilakatu nahi dira orain, kulturgileak lehen lerroan jarriz, izan profesional zein ez.

TOPAKETA

Topaketa 09:15ean hasiko da, eta parte hartzaileen artean daude Ekhi Zubiria Etxeberria, Oskia Ugarte Abarzuza, Gotzon Barandiaran Arteaga, Unai Iturriaga Zugaza-Artaza, Ihitz Iriart Casenave, Amagoia Gurrutxaga Uranga, Iratxe Retolaza Gutierrez, Maia Iribarne, Oihana Iguaran, Joseba Larratxe eta Bernardo Atxaga, ondorioztatu dute.