ETSk ia 2.300 milioi euro inbertitu ditu trenbide sistema hobetzeko eta sendotzeko duela 20 urte sortu zenetik
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak 2.288 milioi euro inbertitu ditu euskal trenbide sistema hobetzeko eta sendotzeko duela 20 urte sortu zenetik, Susana Garcia Chueca sailburuak Bilbon iragarri duenez.
Euskalduna Bilbao jauregian egin da ETSren 20. urteurrena ospatzeko jardunaldi teknikoa, '20 urte Euskadi saretzen' lelopean, eta, Garcia Chueca sailburu eta ETSko presidenteak adierazi duenez, "Euskal Trenbide Sareak 20 urte bete ditu Euskadi kalitatezko mugikortasun jasangarri publikoko sarea ehuntzeko gaitasuna duten eskualdeen buru jartzen duen ibilbidea osatzen".
Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen 2004an Euskal Trenbide Sareari buruzko 6/2004 Legea. Urte horretan bertan, lehen fasean, Metro Bilbaorako (Imebisa) ingeniaritza zaharraren ekipoan, egituran eta funtzioetan oinarrituta eratu zen ETS.
Bigarren fasean, 2005ean, ETSri eskualdatu zitzaion Euskotrenen proiektu eta obra unitatea. Prozesua 2006an amaitu zen, gaur egun erakunde publikoaren ustiapen eremuan dauden Euskotreneko langileak eta bitartekoak eskualdatuta.
Urte hauetan guztietan, ETSk 2.288 milioi euro inbertitu ditu trenbide sarea handitzen eta hobetzen, bai eta Bilboko metroaren 1. eta 2. lineen hedapenean aurrera egiten eta 3. linea zerbitzuan jartzen ere. Gaur egun, 5. linea eraikitzeko eta 4. linea egikaritzeko proiektuak idazteko lanak egiten ari dira.
Gainera, Bilboko eta Gasteizko tranbiak proiektatu, eraiki eta zerbitzuan jarri dira, eta, hurrenez hurren, Zorrotzaurrera eta Zabalganara luzatzeko eraikuntza proiektuak idazten ari dira.
Orobat, aldi honetan, ETSk Bilbo-Donostia, Topoa, Txorierri eta Amorebieta-Bermeo lineak modernizatu ditu, eta 2026an Lugaritz-Easo eta Altza-Galtazaraborda trenbide saihesbideak jarriko ditu zerbitzuan, Gipuzkoan Topo historikoa metro bilakatuz.
Era berean, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari aginduta, ETSk Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) trenbide sare berriaren plataforma egin du Gipuzkoan abiadura handiko trenarentzat, eta Bilborako sarbideen eta Arkautiko lotunearen proiektuak idazten dihardu.
Bestalde, ETS-k hegoaldeko trenbide saihesbidearen obrak hasiko ditu urtea amaitu aurretik. Guztira, enkargu bidez egindako lanok 2.000 milioi euroko inbertsioa eskatu dute, eta, Espainiako Estatuaren titulartasuneko azpiegiturak direnez, Jaurlaritzak Gobernu zentralari ordaindu beharreko Kupotik deskontatzen du aldez aurretik aurreratzen duen zatia.
Temas
Más en Sociedad
-
El Claustro de la EHU pide al Gobierno vasco que incremente "sustancialmente" su financiación
-
Euskal Artisten II. Mintegia egingo dute Lanarteak eta UEUk ostegunean Donostian
-
Un algoritmo predice con el 93% de acierto las posibilidades de morir en la UCI
-
El Estado español es el segundo país de la UE que emitió más permisos de residencia a menores en 2024