ZuNonHanDA! azoka ibiltaria Durangoko Azokaren aurretik egingo da lehenbiziko aldiz, astelehen honetatik abenduaren 4ra bitartean, Euskal Herriko 19 liburu saltokitan, eta 22 liburu aurkeztuko dituzte idazleek.

Durangoko Azokako iturriek jakinarazi dutenez, euskal kulturaren erakusleiho erraldoia izanik, Azokaren bokazio nagusienetako bat kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea eta sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzea da.

Bada, helburu horrekin abiatu zen 2020an ZuNonHanDA! ekimena eta, helburu horretan sakontzeko asmoz, aurten, Durangoko Azoka baino lehenago antolatzea erabaki da, bertan egiten diren liburu aurkezpenek are ikusgarritasun gehiago izan dezaten.

Horrela, ZuNonHanDA! azokari ibiltariaren bidez, Durangoko Azokan eskuragarri egongo diren liburu berrien aurkezpenak egingo dira Euskal Herri osoko 19 dendatan. Aurkezpenak formatu askotarikoak izango dira eta idazlea beti egongo da presente.

NOBEDADEAK

Horrekin batera, 60. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 67 liburu saltokitan izango dira eskuragarri. Beraz, datorren astetik hasita, Durangoko Azoka ibiltaria izango da eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da.

Ekimenaren asmoa ez da soilik Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea; liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea ere bada xedea. "Horregatik, Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia den heinean, Durangoko Azokan batuko den indarra Euskal Herriko dendatara barreiatuko da", nabarmendu dute.