Hondarribiko Udaleko hainbat sail elkarlanean aritu dira egitarau berezia antolatzeko Gipuzkoako udalerriko Euskal Jaien 100. urteurrenaren harira, eta testuinguru horretan sortu da Anton Abadia Zikloa, XIX. mendeko euskaltzale eta kultur sustatzaile handiaren figura eta ekarpena herritarrengana hurbiltzeko asmoz.
Hondarribian bertan astelehen honetan egindako aurkezpenean jakinarazi dutenez, Euskara sailaren ekimenez sortutako zikloak antzerkia, bisita gidatua eta mahai ingurua izango ditu ardatz, guztiak helburu berarekin: "Anton Abadiak Lore Jokoen bidez euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena ezagutaraztea eta gaur egungo kulturgintzarekin zubiak eraikitzea".
Bada, zikloa azaroaren 28an hasiko da, Loraldia Produkzioa taldearen 'Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara' antzerki musikatuarekin, Itsas Etxea auditoriumean, 20:00etan. Abadiaren historia "modu bizi-bizian" kontatzen du antzezlanak.
Orobat, azaroaren 29an, bisita gidatua antolatu da Abadia gaztelura, eta plaza guztiak dagoeneko bete dira. Gainera, Hondarribiko Euskal Jaien 100. urtemugaren harira, hausnarketa sakonagoa ere proposatuko da abenduaren 13an, herri nortasunaren eta euskal kulturgintzaren bilakaeraren inguruko mahai inguruarekin.
Itsas Etxea auditoriumean izango da, 11:00etan, eta Koldo Ortega historialariak, Harkaitz Cano idazleak eta Antxoka Agirre kazetari eta ikertzaileak euskal jaien, lore jokoen eta euskal kulturgintzaren arteko lotura historikoa aztertuko dute, Hondarribian emandakotik nazio mailarako saltoa eginda.