Kilika Eguna ospatuko dute igandean, irailaren 29an, jai giroko eta izaera solidarioko jardunaldia, Barakaldoko (Bizkaia) San Bizente auzoko parkean. Barakaldoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hala Dzipo elkarteak antolatutako ekimena herritar guztiei irekia izango da, eta Aspanovas minbizia duten haurren gurasoen Bizkaiko elkartea ikusgarri egitea eta babesa eskaintzea du helburu nagusi.
Jarduera programa 11:30etik 19:30era bitartean izango da, zuzeneko musikarekin, tailerrekin, dantzarekin edo jolasekin, guztiak euskaraz eta familiei zuzenduta. "Gozatzeko, laguntzeko eta euskara modu ludikoan bizitzeko eguna izango da, eta, aldi berean, Barakaldo elkartasunaren, bizitasunaren eta konpromisoaren adibide dela erakusteko aukera", adierazi du Iratxe Foces Barakaldoko Euskara zinegotziak.
HELBURUA
Izan ere, jaialdiaren helburu nagusia Aspanovas elkartea ikusgarri egitea eta babesa eskaintzea da, eta minbizia duten haurren gurasoen Bizkaiko elkarteak gune propioa izango du egun osoan zehar, bere jarduera ezagutzera emateko eta herritarren elkartasuna jasotzeko.
"Guretzat funtsezkoa da Aspanovas bezalako kausak dagokien lekua izatea. Horregatik, familiei gonbidapena luzatu nahi diegu: hurbil daitezela, informatu daitezela, lagun dezatela, eta, jakina, egunaz goza dezatela", esan du Focesek.
Jaialdiaren helburu nagusia Aspanovas elkartea ikusgarri egitea eta babesa eskaintzea da, eta minbizia duten haurren gurasoen Bizkaiko elkarteak gune propioa izango du egun osoan zehar
Era berean, Kilima Egunean hasiko dira Kilima Faktoria programako saio berriak. Hala Dzipo elkarteak dinamizatutako programak euskararen erabilera sustatzen du familietan eta hainbat tailer eskaintzen ditu. Egunean bertan aurkeztuko dira eta familiei parte hartzera eta izena ematera animatuko zaie.