Bermeoko Udaleko Euskara Sailak gurasoei eta etorkinei zuzuzendutako euskara eskolak antolatuko ditu 2025-2026ko ikasturtean ere, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Ikastaroen bidez, alde batetik, familia bidezko transmisioa indartu nahi da, euskara ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emanez, eta, beste batetik, kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu.
Ikastaroetan parte hartzeko interesa daukatenek irailaren 22tik urriaren 10era bitarteko epea izango dute izena emateko, Berhaz bulegoan edo dagokion euskaltegian. Urritik ekainera izango dira ikastaroak, eta ikasle taldeei egokitutako metodologiak erabiliko dira, Iker Bilbao San Nikolas Euskara zinegotziak azaldu duenez.
EUSKARA IKASTAROAK
AEK euskaltegiak eskainiko ditu gurasoentzako euskara ikastaroak, eta euskaraz ez dakitenek zein maila baxua dutenek parte hartu ahal izango dute. Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena garatzen eta hitz egiten hasiko dira, eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute.
Astean birritan batuko dira, bi ordu egun bakoitzean, eta nagusiki adingabeko seme-alaben gurasoei edo tutoreei zuzendutako ikastaroa da. Metodologia praktikoa erabiliko dute, egunerokotasunarekin lotutako ariketak eginez, eta matrikulak 20 euro balioko du.
Helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea
Bestalde, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak eskainiko ditu etorkinentzako ikastaroak. Helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, "integrazio errazagoa izan dezaten". Astean birritan batuko dira, bina orduko saioetan. Komunikatzeko oinarrizko gaitasuna landuko da, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez. Klaseak oso praktikoak izaten dira, helburua erabilera delako.
Ikastaroa beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonentzat antolatu da, berton bizitzeko euskara ikastea lagungarri delako, euskara jakiteak hartu-emanak errazten dituelako eta aukerak eta bideak zabaltzen dituelako. Ikastaroaren prezioa 10 euro da, gehi eskola materiala (17,50 euro).
Azkenik, Bermeoko Udaletik gogorarazi dute 2025-2026ko ikasturtean euskara ikasteko matrikulazio kanpaina martxan dagoela Hizkuntza Eskola Ofizialean eta AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietan. 16 urtetik gorako edozein herritarrentzat "aukera anitza eta ordutegi zabala" daukatela nabarmendu dute, "metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak" eskainita.