Debako Udalak (Gipuzkoa) eta Elkar argitaletxeak Tene Mujika bekaren 20. edizioa jarri dute, ohi bezala Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta euskal literatura aberasteko asmoz. Bekak 8.000 euroko diru laguntza emango du, eta lanak aurkezteko epea abenduaren 14ra arte dago zabalik.

Bekaren deitzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herrian azken 50-75 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez daitezke (biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak eta abar). Lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, eta aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko, baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.

Parte hartzaile bakoitzak ondorengo hauek aurkeztu beharko ditu, mezu elektronikoan atxikitako dokumentuan: idazlearen curriculum laburra orri batean, argitara emandako lanak eta harremanetan jartzeko helbide eta abarrak aipatuz; idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz (gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera edo estiloa); idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo, epaimahaikideen iritziz idazlan horren izaera eta kalitatea proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua

Proiektuak abenduaren 14ra arte bidal daitezke euskara@deba.eus helbide elektronikora, eta Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle; 2026ko urtarrilaren 16rako erabakiko dute. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

Bekaren diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera, hain zuzen ere.

URTEBETEKO EPEA

Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die eta haien onespena jaso beharko du.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo, epaimahaikideen iritziz idazlan horren izaera eta kalitatea proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Diru laguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da, baina lan horrek ezin izango du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez ondotik, argitaratu osteko sariak izan ezik.

Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.