Síguenos en redes sociales:

Taupada jardunaldiaren bigarren edizioa

Taupada jardunaldiaren bigarren edizioaUtzitakoa

Taupada jardunaldiaren bigarren edizioa egingo da irailaren 25ean Durangoko (Bizkaia) Plateruena kultur aterpean, 'Ohituren biziberritzea: Komunitategintza aktibatzeko giltza' izenburuarekin, eta komunitatea, ohiturak eta aktibazioa bezalako terminoen arteko lotura zein euskararen erabilera sustatzeko duten ahalmena izango dute hizpide bertan.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, gaiaren lanketarako gizarte zientzietan aditu diren hizlari multzoa bildu dute Taupa mugimenduko kideek. Besteak beste, antropologia, historia, hizkuntzalaritza edota filosofia diziplinetako hainbat ikerlari oholtzara igo eta ohiturek eta errituek daukaten eragin sozialaz mintzatuko dira, euskararen erabileran eragiteko duten gaitasuna azpimarratuz.

Aldi berean, zenbait ohituren inguruan eman diren gaurkotze prozesuak ere emango dira ezagutzera jardunaldiaren baitan, hala nola Iruinkokoak, Libertimentua edota Gau Beltza.

"Gurea bezalako esparru kultural minorizatuetan ezinbestekoa da usadio zaharrak garaian garaiko ezaugarrietara egokitzea, euskararen inguruan eraikitako gune sinboliko eta funtzional gaurkotuak eraikitzea, alegia. Eta horren inguruko hausnarketa da aurtengo Taupadaren muina", azaldu du jardunaldiaren koordinatzaile Andoni Urzelaik.

Usadioen transmisioaren lanketan aurretik ere aritu da Taupa euskaltzaleen mugimendua, eta egindako lanketaren adierazgarri nagusiena eta ikusgarriena Gau Beltza da, arimen gaua euskal herritarren nortasun eta imajinarioan txertatuta dagoen festa izatera heldu baita gaur egun.

Bada, lan ildo horretan sakontzea du asmo Taupadak. "Jardunaldiarekin proiektu anbiziotsua abiarazi nahi dugu: galtzear dauden zenbait ohitura biziberritu nahi ditugu eta beste zenbaiten inguruan zabalkunde pedagogikoa egin. Izan ere, badira ezagunak eta bizirik dauden, baina funtsa eta edukia galdu duten hainbat ohitura eta erritu ere", azaldu du Urzelaik.

Ohitura eta erritu guztien atzean, ezaugarri komunen existentzia azpimarratu du: Euskal Herrian sustraitutako ospakizunak dira, euskara dute jatorrizko komunikazio hizkuntza eta zaintza komunitarioa zein naturaren babesaren inguruan eraikita daude.

Bere hitzetan, "gerora izan nahi badugu, ezaugarri horiek dituzten usadio zaharrak biziberritu eta etorkizunera proiektatzea dagokigu. Etorkizunean inbertitzea dela esan genezake, beraz".