Síguenos en redes sociales:

Euskal kultur ondarearen babesa

Hizkuntza Politika Sailak 200.000 euro banatuko ditu

Euskal kultur ondarearen babesaANDRE CATUEIRA

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2025ean eta 2026an euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuei buruzko ikerketa lanak egiteko diru laguntzen deialdia onartu du, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 200.000 euro banatuko ditu. Proiektuak %100ean lagundu ahal izango dira diruz, 15.000 eurora arte.

Jaurlaritzaren arabera, diruz lagundu daitezkeen lanek ondare materialaren ondasun higiezinetan zein higigarrietan zentratu ahal izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kultur ondarearen ikuspegitik aztertutako ondasunen ezaugarriei edo garrantziari buruzko ezagutza berria sortu beharko dute, haien balorazio kritikoa egiten eta haien babesa hobetzen laguntzeko.

Diruz lagunduko diren proiektuak 2025eko ekitaldian hasi beharko dira, eta 2026eko azaroaren 6a baino lehen amaitu. 2025-2026ko deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia bera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. 2024ko deialdian euskal kultur ondarea babesteko 13 ikerketa proiektu lagundu ziren diruz.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Euskaltzaindiak hiztegia sarean eguneratu du (www.euskaltzaindia.eus), sei hilabetean behin egiten duen legez, eta 774 forma berri jaso ditu: 265 sarrera, 364 azpisarrera eta 145 ohiko lexia. Era berean, 1.635 forma zuzendu edo osatu ditu, hiru sarrera eta beste hiru azpisarrera hiztegitik kendu ditu, eta hamar sarreraren buruak aldatu ditu.

Euskararen Akademiak jakinarazi duenez, eguneratze berriarekin, 52.091 forma (39.809 sarrera, 11.214 azpisarrera eta 1.068 ohiko lexia), 70.291 adiera, 116.226 adibide eta 519 esaera zahar jasotzen ditu orain hiztegiak.

Oraingoan, gainera, 2025eko lehen eguneratzean egindako lanari eutsi eta sukaldaritzaren atala osatu da, ardogintza eta hazkurri-kontuak gehituz Euskaltzaindiaren Hiztegiari.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak azpimarratu du lantaldeak etengabe jarraitzen duela hiztegia handitzen, baina, batez ere, "berrikusten, osatzen eta hobetzen".