Bilboko Udalak Aste Nagusiaren aurtengo edizioa prestatzen jarraitzen du, baina, aurretik, familiek festekin lotutako tradizio batzuez gozatu ahal izango dute, hala nola barraken guneaz eta zirkuaz, abuztuaren 8an helduko baitira Etxebarria parkera.

Zehazki, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, barraka gunea abuztuaren 8ko 17:00etan ireki eta abuztuaren 31n itxiko da. Edonola ere, Aste Nagusia hasi baino 48 ordu lehenago egingo da irekiera ofiziala, abuztuaren 14an, eta, ohi bezala, Juan Mari Aburto alkateak inauguratuko du.

Aurten, zirkuarekin batera, Bilboko Udalak 72 atrakzio instalatzea baimendu du: helduentzako 12 aparatu, umeentzako 13, sei txurro denda, orotariko 17 etxola, terraza duten lau taberna, ikuskizunak, trebetasun makinak, ausazko jokoak eta abar egongo dira.

ORDUTEGIA

Barrakak egunero irekiko dira 17:00etan, eta ixteko ordutegia aldatu egingo da egunaren arabera. Horrela, Aste Nagusiko egunetan, abuztuaren 16tik 23ra, 04:00etan itxiko dira (03:00etatik 04:00etara ez da soinurik egongo); gainerako egunetan, berriz, astelehenetik ostegunera 01:00etan itxiko dira (00:00etatik aurrera ez da soinurik egongo), eta ostiral, larunbat eta igandeetan 02:00etan (01:00etatik aurrera ez da soinurik egongo).

Abuztuaren 17an, 20an eta 22an, 17:00etatik 20:00etara, barraketan ez da musikarik edo bestelako hots zaratatsurik egongo

Gainera, Etxebarria parkeko barraka gunea ahalik eta inklusiboena izan dadin, aurten ere zaratarik gabeko ordutegia ezarri dute, autismoa duten pertsonek ere gozatu ahal izan dezaten barraketan inolako kalterik gabe. Horrela, bada, abuztuaren 17an, 20an eta 22an, 17:00etatik 20:00etara, barraketan ez da musikarik edo bestelako hots zaratatsurik egongo.

Azkenik, barraka guneko gainerako atrakzioak bezala, zirkua ere abuztuaren 8tik irailaren 31ra arte irekiko da, eta, azken urteetan bezala, Etxebarria parkea eta Zumalakarregi etorbidea lotzen dituen igogailutik hurbilen dagoen eremuan egongo da.