Gure Zirkuak Lekeition (Bizkaia) eta Orion (Gipuzkoa) egingo du aurtengo uda, Bizkaiko Getxon eta Zornotzan eta Gipuzkoako Eibarren "egonaldi arrakastatsuak" egin ondoren. Emanaldi berrietarako sarrerak salgai daude jada www.gurezirkua.eus webgunean.

Euskal zirku ibiltariko arduradunek jakinarazi dutenez, ikuskizun berria estreinatuz ekin zion taldeak zortzigarren birari maiatzaren 4an, eta, "gero eta nahasiagoa eta ilunagoa dirudien garaiari, argia, kolorea eta alaitasuna ekarri asmo dio xaribaria aldarrikatuz".

Xaribaria, zintzar-hotsa edo galarrotsa Europa mendebaldean Erdi Aroan norbaiti burla edo zentsura egiteko herriko jendeak eginiko zarata-hotsa zen, besteak beste, Euskal Herrian, bigarren ezkontzetan.

Denborarekin, xaribaria herri antzerki mota bat bilakatu zen, dantza, musika, kantua, bertsoak eta antzerkia uztartuz, epaiketa baten itxuran gizarte ritika zorrotza egiteko baliatzen zena.

"Gerora, zirku garaikideak egin du bere xaribaria, eta pistara elkarrekin agertzen direnean, zirkuko kide guztiek eragiten duten algara, zalaparta eta poztasunari deitzen zaio xaribaria", azaldu dute.

Bada, azken xaribari hori da Gure Zirkuak zortzigarren biran aldarrikatu nahi duena, "are gehiago munduak gero eta nahasiago eta ilunago dirudien honetan". "Xaribaria, elkarrekin, lagunartean edo familian sortutako une koloretsu, alai eta baikor gisa", gaineratu dute.

Getxo (Bizkaia) izan da aurten Gure Zirkuaren xaribariaz gozatzeko aukera izan duen lehen herria, eta ondoren etorri dira Zornotza (Bizkaia) eta Eibar (Gipuzkoa).

Datozen asteei begira, Gure Zirkuak iragarri du Lekeition eta Orion igaroko duela aurtengo uda, eta 14na emanaldi eskainiko ditu uztailaren 11tik 26ra eta abuztuaren 1etik 23ra, hurrenez hurren.