Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 370.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi zerbitzuen erabilera eta irakurzaletasuna sustatzera.
Gobernuko arduradunek zehaztu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) liburutegi publikoen titular diren udalek, toki erakunde eskudunek eta udal liburutegi publikoen arloko eginkizunak esleituta dituzten udal erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntzak.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, irakurzaletasuna sustatzeko, batez ere haur eta gazteen artean, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan kultura eta liburutegi zerbitzuak hedatzeko jarduerak lagunduko dira diruz, hala nola irakurzaletasuna sustatzeko profesionalei prestakuntza espezifikoa ematekoak, irakurketa dramatizatuak, umeentzako irakurketa eta idazketa tailerra edo literatura-solasaldiak.
Laguntzak banatzeko irizpidea biztanleria izango da, eta, zehazkiago, erakunde onuraduneko 0 eta 18 urte arteko haur eta gazteen biztanleria hartuko da kontuan. Erakundeek aurkeztutako proiektuen aurrekontuaren %75erainoko diru laguntza jaso ahal izango dute, eta ez da inoiz 30.100 eurotik gorakoa izango.
ESKABIDEAK
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Iazko deialdian 155 udalek jaso zuten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko diru laguntza, ondorioztatu dute bertatik.