ELAk Bilboko Udala salatuko du epaitegietan "lan eskaintza publikoetan euskara eskakizunak murrizteagatik"
ELAren arabera, "ezinezkoa da arreta eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea eskakizuna lanpostuen %40ra murriztuta"
ELAk Bilboko Udala salatuko du epaitegietan "lan eskaintza publikoetan euskara eskakizunak murrizteagatik", lanpostuen %40ra mugatu nahi baitu euskararen eskakizuna, "hori agintzen duen epairik ez izan arren", sindikatuak prentsa ohar bidez salatu duenez.
ELAren arabera, "ezinezkoa da arreta eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea eskakizuna lanpostuen %40ra murriztuta". "Udalak aurretik argitaratutako 35 eskaintzetan lanpostuen %70ean baldintza gisa ezarrita zegoen euskara mailaren bat egiaztatzea", gogorarazi du.
Sindikatuak ziurtatu du ez duela "atzerapausorik" onartuko euskara eskakizunetan, "are gutxiago hautaketa prozesua baztertzen duen epai irmorik ez dagoenean".
Azaldu duenez, CCOO sindikatuak Bilboko Udalaren deialdi baten aurka egin zuen euskara eskakizunak gehiegizkoak zirela iritzita, "eta Auzitegi Gorenak oraindik ebatzi ez duen arren, Bilboko Udalak erabaki du deialdi guztiak aldatzea, oposiziogile guztiak kaltetuta".
UDALAREN ERABAKIA
"Udalaren erabakiak jarrera euskarofoboak babesten ditu, eta euskararen eta hizkuntza eskubideen aurkako aktibismoa bultzatu, ebazpenik ez duen inpugnazio batek ehunka lanposturen euskara eskakizunak baliogabetzea lortu duelako", salatu du.
"Deialdiak bertan behera utzi eta euskara baldintzak murriztu ondoren, hautaketa prozesu berriak legezko betebehar guztiak alde batera utzita argitaratu dira"
Era berean, ELAk kritikatu du azken urteetan "ia desagertu" egin direla udal laguntzak langileek euskara ikasi dezaten, eta ez dagoela itzulpenerako programa zehatzik, ez liberaziorik. Gainera, Bilboko Udalak euskararen inguruko araudi propiorik gabe jarraitzen duela gogorarazi du.
"Deialdiak bertan behera utzi eta euskara baldintzak murriztu ondoren, hautaketa prozesu berriak legezko betebehar guztiak alde batera utzita argitaratu dira: dagozkien txostenak eskatu gabe, udal euskara teknikariekin adostu gabe, ordezkaritza sindikalarekin negoziatu gabe", deitoratu du.
Bada, ELAk auzitegietan salatuko ditu aldaketa horiek, eta Bilboko Udalari exijitu dio "atzera egiteko eta hautaketa prozesuak hasiera batean planteatuta zeuden bezala egiteko".
Era berean, langileak euskalduntzeko plan bat diseinatzea galdegin dio, "epe jakin batean lanpostu guztietan euskara gaztelania beste eskatzeko helburuarekin, horretarako behar diren salbuespen eta baliabideekin".
Temas
Más en Sociedad
-
Casi un centenar de niños ucranianos pasarán el verano en Euskadi y Navarra
-
Condenado en Pamplona por causar fracturas en la cara a otro joven con una patada de taekwondo
-
Incomunican a una opositora a policía todo un día por su religión y hace el examen de noche
-
Barakaldoko Udalak Hiriko Soinuak musika lehiaketaren zazpigarren edizioa antolatu du