Euskal Lanbide Heziketak Euskadiko sare ekonomikoaren beharrei erantzuteko duen “aldaketarako eragile” rola nabarmendu du Pedrosak
Etorkizunean sortuko diren erronka berrien aurrean, Hezkuntzako sailburuak lehentasuna ematen dio ikasleei arlo teknologikoan eta digitalizazioan trebeziak eskuratzen laguntzeko konpromisoari, bai eta “talentua, sormena, konpromisoa eta konfiantza” emango duten profesionalak izateko balioei ere
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak Usurbilgo Lanbide Eskolaren urteurreneko ekitaldian parte hartu du aste honetan. Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua da, eta hasierako lanbide-heziketa (erdi-, goi- eta espezializazio-mailako heziketa-zikloak) eta enplegurako prestakuntza eskaintzen ditu. Bost lanbide-arlotako prestakuntza-zikloak ematen dira, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz: Administrazioa, Elektrizitatea-Elektronika, Energia eta Ura, Fabrikazio Mekanikoa eta Mantentze-lanak. “Horietako asko gaur egungo beharrei erantzuteko berariaz sortu dira, digitalizazioa, STEAM konpetentziak edo adimen artifiziala bezalako ardatzak txertatuta” nabarmendu du Pedrosak.
Sailburuak hezkuntza komunitate osoa zoriondu du egindako ibilbideagatik. 1975etik tokian sakon errotua, ikastetxeak enpresetatik eskualdearen garapenean lagundu du.
Duela 50 urte, “Euskadiren historiako urte ilunetatik atera berriak ginen, herri bezala amets bat ginen. Dena zegoen egiteke” gogoratu du sailburuak. Adierazi duenez, testuinguru horretan, prestatutako gazteak behar zituzten Gipuzkoako enpresen eta industriaren beharrei erantzuten jakin zuen ikastetxeak. “Eta urte asko igaro badira ere, hori da Lanbide Heziketak Euskadin duen arrakastaren gakoa: gure inguruari entzutea eta beharrei erantzutea”, amaitu du. Ehun ekonomikoaren beharretara egokitzeaz harago, ikastetxeak “aldaketarako eragile” rola hartu izana baloratu du Hezkuntzako sailburuak. Zorionak eman ditu berriz, “agerikoa delako” Usurbilgo Lanbide Eskolak bide hori jarraitu duela energiari eta digitalizazioari buruzko ikasketekin, adibidez. Hori baliatu du Pedrosak Lanbide Heziketako ikasleen enplegagarritasun-maila altua gogoratzeko; % 90era iristen da. Gaur egun, 20.000 enpresa ari dira Hezkuntza Sailarekin lankidetzan Prestakuntza Dualaren arloan, eta ikasleen % 100ek amaitzen du prestakuntza, lan-arloarekin lotura estua izanik.
Talentua, sormena, konpromisoa eta konfiantza
Etorkizunean sortuko diren erronka berrien aurrean, ikasleei trebetasunak eskuratzen laguntzeko konpromisoa aldarrikatu du Pedrosak, bai maila teknologikoan, bai enpresen digitalizazioan. Halaber, balioen garrantzia gogorarazi du, “talentua, sormena, konpromisoa eta konfiantza emango duten profesionalak izan daitezen”.
Temas
Más en Sociedad
-
Un detenido por matar supuestamente a su padre con un arma blanca en Burgos
-
Getxoko elkarteek udal kultur lokalen erabilera egiteko eskaera egin dezakete uztailean
-
ESAN pide dotar a la Ertzaintza de pistolas táser siguiendo el ejemplo de Navarra
-
Víctimas de la dana piden implementar un sistema automatizado de aviso en emergencia sin necesidad de respuesta política