Donamaria (Nafarroa), Ibarrangelu (Bizkaia), Mundaka (Bizkaia), Mutiloa (Gipuzkoa) eta Ormaiztegi (Gipuzkoa) UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak izango dira larunbatetik, ekainaren 15etik.

Izan ere, UEMAk jakinarazi duenez, aurtengo lehen batzar nagusia izango du larunbatean Azkoitian (Gipuzkoa), eta, 2024ko kontu orokorraz eta 2025-2029 epealdirako plan estrategikoaz gain, udal berriek mankomunitateko kide izateko azkenaldian egin dituzten eskaerak ere izango dituzte aztergai batzarkideek.

Batzar nagusia Azkoitiko Baztartxo antzokian izango da, 10:00etatik aurrera

Hain zuzen, maiatzeko udal osoko bilkuretan erabaki zuten UEMArekin bat egitea Donamariako, Ibarrangeluko, Mundakako, Mutiloako eta Ormaiztegiko (Gipuzkoa) udalek, eta horiek gehituta, 118 udal izatera iritsiko da larunbatean UEMA. Guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

BESTE DATU BATZUK

Udalerri baten euskara indizea euskararen ezagutzaren arabera kalkulatzen denez, ezagutzak gora egin duen heinean hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea ere azken urteotan, udalen kopuruari dagokionez.

Hori isla izaten ari da UEMAko kide diren udalen kopuruan ere. 2023an 100 udalen langara iritsi eta 'Ehun udal eta hamaika gehiago' ekitaldia egin zuen UEMAk, eta larunbatean, bi urte geroago, 118 udal izatera iritsiko da, Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi gehituta.

Batzar nagusia Azkoitiko Baztartxo antzokian izango da, 10:00etatik aurrera. UEMAren 2024ko kontu orokorraz gain, 2025-2029 epealdirako plan estrategikoa ere aztergai izango dute, besteak beste. Ondoren, udal berriek UEMAko kide izateko egindako eskaerak aztertuko dituzte batzarkideek.